Bizitza honetan, guztiok hil aurretik, hiru gauza egin behar ditugula esan ohi da: zuhaitz bat landatu, seme-alabaren bat eduki eta liburu bat idatzi. Urko Mantzizidorrek azken helburua luzaroan eduki du eginbehar bezala pentsatuta, eta emaitza duela gutxi eman du argitara: La vida es un tango, Gari eleberria. Sormen lanean asko gozatu duela aurreratu du.

Nola azaldu daiteke labur ‘La vida es un tango, Gari’ liburuak kontatzen duena?

Thriller bat da; nobela beltz bezala definitu daiteke, nahiz eta gehiago hurbiltzen den thriller estilora. Nobela honetan krimena agertzen da baina pertsonaietan ardaztu naiz gehiago. Nobela bizia da, arin irakurtzekoa. 

Zein da liburuak duen tramaren abiapuntua?

Mundakako gazte baten istorioa kontatzen du: bera triatleta da eta egun batean, errekan igerian entrenatzen ari dela, droga-fardo bat aurkitzen du. Hori da abiapuntua, eta hortik aurrera anbizioa, diru beharra eta bestelako desirak agertzen dira. 

Genero beltzak literaturan hainbat klixe izaten ditu; hauek betetzen saiatu zara edo berez hurbildu zara genero horretara idazten joan zaren heinean?

Esango nuke kasualitatez izan dela. Urte askoan pentsatu izan dut liburu bat idatzi behar nuela edo idatzi nahi nuela, behintzat. Baina beti pentsatu izan dut nobela historiko batean edo. Gau batean idazten jarri nintzen eta ezer prestatu gabe atera zitzaidan. Hasi nintzen egunean estilo horretan idazteko gogoa neukan eta bide horretatik nobela sortu nuen. 

Hasi zinenean ez zenuen orri zuriaren sindromerik izan?

Ez, inondik inora; agian, ez nuelako inolako presiorik jarri nire buruarengan. Ez nuen uste amaituko nuenik ere; denbora-pasa bezala hartu nuen. Gauetan idazten nuen gehienbat, gustatu egin zitzaidan eta, zaletasun bezala nuenez, ez nuen sindrome hori bizi izan.

Kontakizun guztia buruan izan arren, zer da definituago zeneukana: pertsonaiak edo kontakizuna bera?

Gariren pertsonaia. Argi neukan Peter Panen sindromea daukan gizon bat irudikatu nahi nuela: berekoia eta erdi umea den pertsonaia. Nire belaunaldian oso hedatuta egon den sindromea izan da. Bestalde, istorioa bera ere oso argi neukan hasieratik, abiapuntua nuelako. Kontakizuna nola garatu erabakitzeko egun batzuk behar izan nituen. Baina errekan egiten duen aurkikuntza eta Gariren izaera oso argi nituen hasieratik. 

Zu mundakarra zara eta Urdaibai inguruan kokatu duzu liburua. Baina hurbileko jendea ere erabili duzu pertsonaiak sortzerakoan?

Ez, ez, eta, gainera, alde horretatik kontu handia izan dut. Den dena da nire burutik sortua, baita leku batzuk ere, nahiz eta istorioaren %80a Mundaka, Bermeo eta Zornotza artean dagoen kokatuta. Pertsonaiei dagokienez, oso arduratsua izan naiz, gaia nahiko korapilatsua delako eta ez nuelako nahi inork pentsatzerik berarengan inspiratu naizenik.

Idazterakoan, beste egile edo nobelen erreferentziarik izan al duzu?

Egia esan, oso eklektikoa izan naiz. Nobela beltz bat idatzi dut, baina nire nobelarik gustukoena Eraztunen Jauna da. Hainbat aldiz irakurri dut. Idatzi dudan estilo honetako nobelak bai irakurri izan ditut eta asko gustatu izan zaizkit. Baina erreferente zehatzik ez dut izan.

Idazmen prozesuan zerbait ikasi al duzu?

Lehenik eta behin, istorioa sortzen zenbat gozatzen den ikusi ahal izan dut. Bi edo hiru hilabete daramatzazunean idazten, asko ezagutzen dituzu buruan dituzun pertsonaiak eta lekuak. Bestalde, niri oso baliagarria egin zait antolaketa bat izatea. Istorioa garatzen zoaz, baina kronograman jartzeak, Excel orri batean edo paper batean, zentsua emateko laguntza handia eskaini zidan. 

Azken pausoa ematera eta orri zuriaren aurrean idazten jartzera eraman zintuen ekintzaren bat egon al zen?

Zerbait barregarria izan zen hori. Gure etxean telebista bakarra daukagu eta nire semeari eta alabari Youtube ikustea gustatzen zaie. Nik gorrotatzen dudan gauza bat da. Gauzak horrela, egun batean bideo bat ikusten hasi eta pentsatu nuen ezin nuela sofan egon hori ikusten. Orduan esan nuen: “Idaztera noa!”. Bi ordu lehenago ez neukan pentsatuta idazten hasi behar nintzenik. Egongelan geundela bideo hura ikusi, altxatu, atzeko mahaira joan eta portatila ireki nuen. 

Behin lehen lana kaleratuta, bigarrenaren bila joango zara?

Bai, hasita daukat bigarren liburua. Idazten jarraitzen dut. Presiorik gabe idazten ari naiz oraingoan ere, baina badaukat bidetxo bat eginda. Argi daukat honetaz ezingo naizela bizi, zaletasun bat baita. Oraingo honetan desberdintasun bat dago: imajinatzen dudana dokumentatu egin behar dut, eta horrek pixka bat zailtzen du idazketa prozesua. Baina, hala ere, modu berean ari naiz gozatzen.