Urriaren 26tik azaroaren 2ra bitartean, Tolosak hartuko du Europako Abesbatza Sari Nagusiaren 35. edizioa. Lehiaketa hau elkarrekin antolatzen dute Arezzo (Italia), Maribor (Eslovenia), Tours (Frantzia), Debrecen (Hungaria), Varna (Bulgaria) eta Tolosako nazioarteko lehiaketek.

Ohikoa denez, emanaldi guztiak Leidor antzokian egingo dira, 800 eserleku dituen aretoan, eta antolatzaileen esanetan “askotan txiki geratzen da”. Lehiaketako zuzendari-kide Xabier Ormazabalek azaldu duenez, “koruetako kideak harrituta geratzen dira hemen dagoen afizioarekin eta publikoak emanaldi bakoitza nola bizi duen ikusita”. Izan ere, askotan publikoaren sariak eta epaimahaiarenak bat egiten dutela baieztatu baitu.

Aurtengo sari nagusia irabazteko lehian izango dira Imusicapella Chamber Choir (Filipinak), Choir “Sōla” of the Latvian Academy of Culture (Letonia), Los Cantantes de Manila (Filipinak), Youth Choir Kamēr… (Letonia) eta The Resonanz Children’s Choir (TRCC) (Indonesia). Hong Kongeko Nazioarteko Abesbatza Jaialdi ospetsuan parte hartzeko gonbidapenaz gain, 3.000 euroko diru saria ere jasoko du irabazleak.

Nazioartean itzel handia duten epaimahaikideek hartuko dituzte erabakiak, tartean Basilio Astulez izango da, Leioako Udal Kontserbatorioko irakaslea eta Musikenen abesbatza-zuzendaritzako irakaslea. Berarekin batera egongo dira Aira Birzina (Letonia), Ambroz Copi (Eslovenia), Paul D. Head (AEB), Bengt Ollén (Suedia), Oleksiy Shamrytskyi (Ukraina), Bernie Sherlock (Irlanda) eta Dario Tabbia (Italia).

2023ko Jaialdian parte hartu zuen abesbatzetako bat. Arnaitz Rubio

Tolosako lehiaketa

Bestetik, Gipuzkoako hiriburu ohiak beste behin antolatuko du Nazioarteko Abesbatza Lehiaketetako bat, lehen aldiz 1969an egin zenarekin jarraituz. Aurtengo 56. edizioa, Europako Abesbatza Sari Nagusiarekin bat eginez, urriaren 26tik azaroaren 2ra bitartean egingo da.

Europakoa ez bezala, jaialdi hau bi mailatan banatzen da. Ganbera abesbatzak, 17 eta 40 kide arteko taldeak, polifonia eta folklorearen inguruan lan egiten dutenak, eta ahots taldeak, 4 eta 16 kide artekoak, musika erlijioso eta profanoarekin aritzen direnak. Aurtengo edizioan, Alemaniatik, Estatu Batuetatik, Estoniatik, Austriatik eta Japoniatik etorritako taldeak hartuko ditu Tolosak.

Lehen kategorian parte hartuko dute, besteak beste, Chamber Choir of The Detmold University of Music eta Delaware Choral Scholars taldeek. Bigarrenean, berriz, Sonat Vox, Anima Solla eta En Kör taldeak izango dira, beste hainbatekin lehian. Tolosan antolatutako jaialdiaren ospearen adierazgarri, urtero talde ugarik itxaronzerrendan izena eman behar izaten dute, azken unera arte parte hartzeko aukerarik ba ote duten jakin arte. Aurten, Unpad Choir (Indonesia) eta Polifónico Adelis Fréitez (Venezuela) dira azken orduan txartela eskuratu zain daudenak.

Lehiaketaren arau bereziena honako hau izaten da: parte hartzen duten talde guztiek euskarazko abesti bat interpretatu behar izaten dutela. Aurten, Javier Busto, Xabier Sarasola, Enrique Azurza, Josu Elberdin, Basilio Astulez eta Esteban Urzelaik osatatuta batzorde artistikoak, honako kanta hauek aukeratu ditu Tolosara etorriko diren nazioarteko taldeentzat: Rafael Castroren Zahar eta berri; Eva Ugalderen Kamelia hostoen dizdira; eta Idoia Azurmendiren Itsasoa ari zait. Horren harira aipatu du Ormazabalek, iaz Hong Kongeko jaialdi ospetsuan euskarazko bi obra interpretatu zituztela eta “oilo ipurdia” jarri zitzaiola.

1969an sortu zenetik, mundu osoko 1.200 abesbatzatik gora pasa dira Tolosako lehiaketaren oholtza gainetik, eta gaur egun erreferente bihurtu da munduko abesbatzentzat. Sarrerak dagoeneko salgai daude, Europako Abesbatza Sari Nagusikoak izenarekin, eta prezioa 10 eta 15 euro artekoa da.