Nor da Mikel Laboa? Mikel Laboa ere ez da Mikel Laboa. Edo denok gara Mikel Laboa apur bat. Behintzat, denok ezagutzen dugu Mikel Laboa bat baino gehiago, hori ukaezina da. Laboa lotsatia, Laboa apurtzailea, tradizioa ekarri zuena, jostalaria, isila, iheskorra... "Nork bere Laboatik" pertsonaia ezagun bezain lanbrotsua komiki batean harrapatzeko erronka izan dute Unai Iturriagak, Harkaitz Canok eta Joseba Larratxek. Izenburuak ezin zuen beste bat izan: 'Ni ez naiz Mikel Laboa'.

Kantautore donostiarraren heriotzaren hamargarren urteurrenean jaso zuen Unai Iturriaga idazle eta abeslariak Mikel Laboa Katedraren eskaria; haren inguruko komiki bat nahi zuten. Berehala, Harkaitz Cano idazlea eta Joseba Larratxe 'Josevisky' komikigilea "engainatu" zituen proiektura batzeko eta, hasierako bertigoa kenduta, segituan jarri zuten sormenaren makineria martxan.

Lehen urratsa Lekeitioko egonaldi batean egin zuten. Bertan egituratu zuten kontakizunaren bizkar hezurra; baina, Canok argitu moduan, ez zuten bide-orri bat zehaztu, "iparrorratza apurtzea" erabaki baizik. Hirurek argi zuten Laboak hamaika aurpegi dituela, askotan norberaren bizipen pertsonalekin nahasiz sortutakoak, eta denak biltzea ezinezkoa izango zen. Horregatik hasi zuten komikia western bat izango balitz bezala, lehen orrialdetik argitzeko ez dela "biografia ofizial bat". Laboaren inguruko zenbait lan daude argitaratuta, tartean Marisol Bastida emazteak berak eginikoa, eta horietatik edan badute ere, pertsonaiatik, "izarretik", aldendu dira nolabait. "Laboa erraldoia" balantzaren alde batean jartzen saiatu dira eta "beste Laboa guztiekin orekatzen saiatu".

"Ez dugu egin nahi izan Laboa bat hutsean enbasatua, Laboa artista, izarra", zehaztu du Canok, Iturriagarekin batera gidoilari aritutakoak. Gidoiaren eta marrazkien bidez haren aurpegi ugari erakutsi dituzte, ezagutzen dutenek zein nor zen ere ez dakitenek gozatzeko moduko istorioan. Izan ere, kontakizunak "unibertsaletik" ere badu, Canoren iritziz: "Kantari baten istorioa da, izu eszenikoa duena, grabazioetatik eskakeatu nahi duena, bere familia bizitza eta bizitza artistikoa lotu nahi dituena, garai bateko eragina duena... ".

Komikiko irudiak. Josevisky

"Katean baina ez kateatuta"

Bi gidoilari eta marrazkigile bat izanda, elkarlana funtsezkoa izan da sormen prozesuan. Joseba Larretxe 'Josevisky' arduratu da Cano eta Iturriagaren ideiak ilustratzeaz, eta azaldu du "katean" egin dutela lan, "baina ez kateatuta". Canok idatzi zuen istorioaren lehen pasartea, "dexente luzea", eta horrek komikiaren tonua markatu zuen. Lehen zati hori marraztu bitartean, esku artean zuten komikia nolakoa izango zen irudikatzen hasi zirela kontatu du. Iturriagaren txanda heldu zen orduan, gero berriro Joseviskyrena, Canorena, Iturriagarena ostera ere... Horrela sortu ziren bestela agertuko ez liratekeen pasarteak eta pertsonaiak, elkar eraginez. "Niretzat polita izan da lan egiteko modua", aitortu du marrazkigileak.

Kontakizuna ere, bikainki kateatuta dago. Koloreen, motiboen, pertsonaien eta hitzen joan-etorriek trebeziaz josten dituzte denbora saltoak eta errealitatetik fikziora egindako jauziak. Irakurlea mundu oniriko batean sartuko da eta bat-batean ezaguna egingo zaion pasarte batekin egingo du topo, eta bataren eta bestearen arteko bidaian, oharkabean, bukaerara iritsiko da.

Bidean, Mikel Laboaren mundua osatzen zuten pertsonak aurkituko ditu, Marisol Bastida emaztetik hasita Ez Dok Amairuko kideetara, kantautorearen bidea markatu zuten horiek zipriztinduta, izan idazle, margolari, musikari... "Konstelazio" deitu diote, "izan gabe izar". Pertsonaiekin ez ezik, bestelako elementu errepikakorrekin eta kolore-jolasekin jabetuko da begi bizkorra Laboaren unibertsoaren zabaltasunaz; unibertsaltasunaz. Jose Luis Zumeta margolariari egindako keinuek, esaterako, liburu osoa bustitzen dute.

Harkaitz Cano eta Unai Iturriaga aurkezpen egunean.

Harkaitz Cano eta Unai Iturriaga aurkezpen egunean. Elkar

Desafioa

Denok ezagutzen dugun Laboa poliedrikoa 126 orriko komikian harrapatzen saiatu dira egileak. Lortu duten edo ez irakurleak epaitu beharko du. Ukatu ezin dena da, Canok berak azaldu bezala, "euskal komunitatearentzako eta adin bateko jendearentzako badauzkala irakurketa asko, geruza pila bat". Iturriagak aitortu du hasieran erronkaren handitasunak "blokeatzera" eraman zuela. "Ez dut ukatuko momentu baten kristoren errespetua sortu zidala hurbiltze hori imajinatzeak, hor geratuko zela pentsatzeak, inprimatua, eta norbaitek esango duela: Zer ostia gertatzen zaizue? Laboa beste hau zen eta!". Akaso gertatuko zaio, baina, komikiak garbi uzten duena zera da, Mikel Laboa beste hori ere badela, norberarena, eta beste hainbatena ere.