Ilusioz beterik dauden bost gaztek osatzen dute Nøgen musika taldea: Jokin Guilisagasti (bateria) Olatz Cuevas (baxua) Alex Irazusta (gitarra eta koroak) Markel Idigoras (ukelelea eta ahotsa) eta Eider Saez (ahotsa). Luzea eta zenbaitetan malkartsua izan den ibilbidean barrena aritu da bi urtez boskote hau, eta poliki-poliki emaitzak lortzen ari direla ikusten ari dira orain. Liv til døden lehen disko luzea plataforma digitaletan entzungai dute dagoeneko eta Durangoko Azokan eskuratu ahal izango da formatu fisikoan.

SUSTRAIAK, DANIMARKAN

Esan liteke, Danimarkan izandako Erasmus-eko esperientzia baten emai-tza dela Nøgen taldea. Hain zuzen, Markel Idigoras taldeko abeslaria bertan izan zen 2016an. Bertan igarotako gau magikoen xarma Markelen ukelelearen akordeetan bildu zen. Danierazko hitza da Nøgen eta biluztasuna adierazten du. Taldearen izenak dioen moduan, arima “biluzik” uzteko momentu bereziak eskaini zizkion Idigorasi hiriak eta musikak. Taldearen sustraiak Danimarkan dauden arren, Donostian gorpuztu zen Nøgen. Lehenik, Alexen gitarra eta Aneren ahotsa elkartu zitzaizkien Markelen ukeleleari. Hirukotea elkarlanean aritu zen, 2017ko udan Jokin baterian eta Olatz baxuan batu ziren arte. Gaur egun, Aneren ordez Eider dago taldean, baina ordutik boskote moduan mantendu da taldea.

2017an hiru kantutako EP bat atera zuten: Lys (argia danesez), euskarazko eta ingelesezko hitzak nahastuz eta ukelele, gitarra, baxu eta bateria doinuak uztartuz. Lan horri esker, musikan leku txiki bat egin zuen talde donostiarrak, izan ere, Nora eta Gertu izeneko single-ek oihartzun berezia izan zuten eta anonimatutik atera zuten taldea. Bultzada aprobetxatuz, haien lehengo diskoan lanean hasi ziren.

Liv til døden (hil arte bizi) diskoa sorpresaz eta kolaborazioz beterik egongo da. Lehen LP-an jaso zuten Gertu abestia disko berrian errepikatuko den kanta bakarra izango da eta era berezian grabatu nahi izan dute oraingoan.

Pop-folk erritmoko bederatzi abesti jasoko dituen diskoa zuzenean ere aurkeztuko dute. Lehengo kontzertua abenduaren 27an emango du taldeak, Donostiako Antzoki Zaharrean. Guilisagasti taldeko bateria-jotzaileak azaltzen duenez, “datorren urtean estatu mailan jo ahal izatea” dute amets. Baina, poliki-poliki doaz. Pausoz pauso. Orain arte egin duten moduan.

POP-FOLK ESTILOAN Bere musika pop-folk eremuan kokatzen du taldeak. Guilisagastik dioenez, “pop-folk anglosaxoia” dute erreferen-tziatzat. La M.O.D.A edo Eraul bezalako taldeak gustuko dituzte adibidez. Baina, Guilisagastik aitortzen duenez, inspirazio iturririk handiena elkarrekin pasatzen duten denbora da: “Lokalean hitz egiten eta hainbat gauzez eztabaidatzen igarotako orduak. Lagunen arteko elkarrizketa batetik ideia bat ateratzea eta bertatik abesti bat konposatzea, hori bai dela magikoa”. Talde berria denez, oraindik euren konposatzeko estiloa lantzen ari direla diote. Hala eta guztiz ere, “talde trinkoa” osatu dutela uste dute.

Dantzatzeko, abesteko eta, batez ere, zuzeneko kontzertuetan gozatu ahal izateko musika eskaini nahi duen taldea da Nogen. “Guk, hasieratik, letrak egiterako garaian, esanahi irekiko letrak egiteko apustua egin genuen”, dio Guilisagastik. Izan ere, haien istorioak kontatu nahi izan dituzten arren, letra irekiak egin dituzte, nolabait, norberak bere egiteko kantu bakoitza. “Pertsona batek ulertu dezake abesti bat modu batera eta beste batek beste batera; hori da gustatzen zaiguna”.

Orain arte 40 bat kontzertu eman dituzte. Baina, aitortzen duten moduan, serio hartu behar duten proiektua da Nøgen. Esfortzuaren eta lan txukunaren alde egiten du taldeak, eta horretarako lan asko egin beharra dagoela badakite, melodiak, letrak, ahotsak eta musika tresna desberdinak elkartu eta azken emaitza polita izatea ez baita erraza. Egunak luzeak eta gogorrak izaten dira noizbehinka, baina barneratuta dute ideia: “Edozein taldek ditu zailtasunak hasieran: arazo ekonomikoak, oihartzuna lortzeko zailtasunak?”, aitortzen du Guilisagastik. “Hala ere, lan aldapatsuena ere gustura egiten dugu, ilusiorik ez dugulako falta”.