Jai Batzordeak Oiartzungo Xanisteban festetako egitaraua aurkeztu du. Urtero lez, abuztuaren 2tik 6ra ospatuko dira eta hamaika ekitaldi jaso dituzte programan.

Alabaina, txupinaren aurretik, zer gozatuaz egongo da herrian, giroa berotzen joateko. Izan ere, igandean, uztailaren 27an, ospatuko da aurten Xanisteban Txirrindulari Saria. Iturriotzen izango du irteera eta helmuga 77. edizio honek.

Hilaren 31n, xanistebanetako haurren esku-pilota txapelketa herrikoiaren finalak izango dira 10.00etan Kontzejupean. Arratsaldean musika izango da protagonista, Harri Beltzak antolatzen duen HIESaren aurkako kontzertuan. Juan Mari Beltran laukoteak eskainiko du emanaldia, 19.30ean, Done Eztebe elizan.

Kultur ekitaldia

Festen hasiera iragartzen duen Kultur Ekitaldia egingo dute abuztuko lehen egunean. Arizmendieneako lorategian izango da, 18.00etatik aurrera. Oiartzun 2025 urtekariaren aurkezpena egin eta kartel lehiaketako sariak banatzeaz gain, Ihote Taldea omenduko du Udalak. 

Bestalde, abuztuaren 1eko egitarauan kirolak ere izango du tokia: 18.30ean eskuz pasaka txapelketako finala izango da Kontzejupean, eta 19.00etan areto futboleko txapelketako finala Elorsoro Kiroldegian. Ostirala izanik, festa egun bat aurreratu eta txosnetan kontzertuak izango dira: Ameba eta DJ Enabil Txosnagunean eta DJ Infernu Zimitiyoan.

Honenbestez, abuztuaren 2an hasiko dira xanistebanak eta bost egunez festak ez du etenik izango. Dagoeneko hasi da Udala egitaraua etxez etxe banatzen era udal webgunean (oiartzun.eus) ere zintzilakatu du.

Gainera, Xanistebanek irauten duten bitartean, bi erakusketa ikusteko aukera egogo da. Alde batetik, Manuel Lekuona bibliotekan Xanistebanak 2025 Kartel Lehiaketan parte hartu duten kartelen erakusketa izango da. Bere ordutegia, abuztuaren 2tik 6ra, 9.00etatik 14.00etara izango da. Gogorazi behar da lehiaketako irabazlea Eneko Salaberria Gonzálezek aurketutako lana izan zela. Bestalde, Arizmendienean, abuztuaren 10era arte, 9.30etik 14.30era eta 15.30etik 18.30era Helduen Tailerreko margolanen erakusketa egongo dela.

Barrakak eta Xorrola

Oiartzungo Udalak aditzera eman duenez, barraketan prezio bereziak izango dira Oiartzunen xanistebanetan: Bidai batek 2 euro balioko du eta sei bidaietako bonoak, 9. Gainera, egunero 17.00etatik 18.00etara bitartean, ez da izango musikarik ez soinu karrankaririk, barrakak ahalik eta inklusiboenak izan daitezen.

Bestalde, abuztuaren 2tik 7ra, Xorrola herri barruko gaueko autobus zerbitzua egongo da. Anbulatorioko eta Yon Oñatibia kaleko geltokiak bibliotekara pasatuko dira. Ibilbideahonakoa izango da: Biblioteka, Gurutze, Ergoien Altzibar, Karrika, Iturriotz, Ibarre, Pikabene, Intxixu, Arragua, Mendin, Biblioteka. Hilako 2ko lehen zerbitzua 1.00etan eta azkena 4.00 etan izango da. Gainerako egunetan, 00.00tik 06.00etara ibiliko dira.