Maitasun baten obsesio ero bat”. Horrela laburbiltzen du Alaine Agirrek (Bermeo, 1990) X hil da bere azken eleberria. Aurrez haur-literaturako lan ugari argitaratua, iaz plazaratu zuen Agirrek irakurle bat baino gehiago harritu zuen Odol mamituak (Elkar) helduentzako bere lehen nobela, eta urtebeteko epean ondu du bigarrena, obsesio baten kontakizuna ez ezik, “bere idazteko moduaren aldarrikapen bat” ere badena.

Zer da ‘X hil da’?

Maitea galtzearen beldurrari buruzko nobela labur bat da, honela laburtu daitekeena: pasio batek harrapatu du narratzailea; pasio hori maitasun bihurtzen da, eta maitasun horrek ikara dakarkio, azkenean obsesio bihurtzen den ikara.

‘X hil da’ esaldiarekin hasten da liburua, baina benetan hiltzen da X?

Egia da irakurleak ez duela argi X benetan hil den, bizirik dagoen? Liburuaren hasieran hil egiten da, baina gero ostera ere hiltzen da, beste modu batean. Jolas gisa har liteke, baina helburua ez da izan irakurlea nahastea, baizik eta kontagai den obsesio hori adieraztea ahalik eta gordinen eta bortitzen.

Gordina, zuzena, intentsoa da nobela. Idazketa bera ere halakoxea izan da?

Bai, guztiz. Inpultsiboa naiz izaeraz eta baita idazterakoan ere. Intuizioz aritzen naiz, horrela ateratzen zaidalako eta beste modu batean egiten ez dakidalako. Pazientzia falta zait seguru asko, edo literaturari buruzko ezagutza teorikoa. Une batean idazteko bulkada bat sentitzen dut, gai bat dabilkit buruan jiraka, horri buruzko ideiak, irudiak eta hitzak pilatzen doazkit gogoan, eta horri aterabidea topatu behar diot idazketaren bitartez.

Oka egitearen ideia askotan aipatzen da nobelan...

Bai, bai fisiologikoki, eta baita metafora moduan ere. Hau da, barruan daukadan zurrunbiloa guztiz atera nahi izaten dut idazteko orduan, gaiari zuku guztia ateratzeko, batetik, eta horrela liberatuta sentitzeko ere bai.

Badirudi gozatu beste sufritzen duzula idazten. Horrela al da?

Baietz esango nuke. Plazera eta mina batzen dira nire literaturan, eta sortzeko momentuan larritasuna eta angustia sentitu badi-tzaket ere, sorkuntzak berak izugarrizko poza eta betetasun-sentipena ematen dizkit.

Literaturaren ezagutza teorikoa falta zaizula diozu, baina ‘Hau ez da Manifestu bat’ atalean literaturari buruzko ideia batzuk plazaratu dituzu...

Idazten dudan moduaren aldarrikapen bat idatzi beharra sentitu nuen, eta hori nobela honetan sartu beharra. ‘Ez naiz exhibizionista hau idazteagatik’, dio nobelako ahotsak, adibidez. Nondik datorkidan ez dakidan arren, beti izan dut neure bizitza fikziona-tzeko zaletasuna, edo beharrizana.

Azkenaldian ni-aren literaturaz asko hitz egiten da. Zuk ere horren defentsa egiten duzu?

Niri, berez, ez zaizkit asko axola definizioak, kontatzen dudana irakuleari heltzea baizik. Nitaz idaztea zutaz idazteko modua da, dio liburuaren esaldi batek. Horretan sinesten dut.

Zer harreman du lan honek ‘Odol mamituak’ zure aurreko lanarekin?

Badira ezaugarri komunak: adibidez, atal laburretan zatikatzea, edo idazkera jakin bat, sentimenduak ahalik eta indartsuen transmititu nahi dituena eta hizkuntzaren poesia zaindu aldi berean; biak lehen pertsonan idatzita egotea? Desberdintasunak gaietan ikus litezke batez ere: Odol mamituak-en mina eta eromena dira gai nagusiak; X hil da-n, maitasuna, heriotza, ikara, obsesioa.

Obsesio hori papereratzea zaila izan al da?

Muturreko egoerak dira bi nobeletakoak, baina ez muturraren bila ibili naizelako, ezpada idazteko motibazioa edo beharrizana hor aurkitu dudalako. Zaila edo erraza den... Nobela bat idazten saiatu den edonork daki ez dela egun batean lortzen den gauza; obra ederra burutzen ahalegindu naiz, eta irakurleak esan beharko du zenbateraino lortu dudan.

Urtebetean helduentzako bi liburu plazaratu dituzu. Uzta oparoa denbora gutxian.

Liburu bat amaitzen dudanean, batzuetan pentsatzen dut ez dudala besterik egingo inoiz, esan beharreko guztiak esanda dauzkadala. Gero, handik hilabete batzuetara, borborka hasten zait burua beste ideia batekin, eta ezin etsi berriz ere idatzi barik. Zaletasun bat baino gehiago, beharrizan bat da niretzat idaztea. Bai literatura eta bai musika, behar-beharrezkoak ditut bizi-tzeko, arnasa hartzea legez.

Annie Ernaux eta Margarite Durasen aipu bana datoz liburuan. Beraien eraginik ba ote zure idazkerak?

Ez dakit. Ez naiz sistematikoa irakurtzen. Bolada batzuetan gutxi eta beste batzuetan asko irakurtzen dut, eta irakurketan bila-tzen dudana pasioa da, beteko nauen zerbait. Aipatu dituzun bi egileekin gertatu zi-tzaidan, baina ez bakarrik horiekin. Azkenaldian, adibidez, asko gozatu dut Elena Ferrante irakurtzen, eta orain Jasone Osororen 12etan bermuta nobelarekin.

Haur eta gazteentzako liburuak ere idazten dituzu. Zer darabilzu orain esku artean?

Aurten, haur literaturako liburu pare bat dauzkat argitatzeko: Txokolatezkoa izan nahi nuke kontakizuna, eta Martin albuma, Maite Gurrutxagaren marrazkiekin. Helduentzat ere badaukat zerbait esku artean, baina nahiago dut oraingoz gehiegi ez aurreratzea.