Eusko Ikaskuntzak musika sariak banatu ditu joan den larunbatean. Donibane Lohizuneko udalarekin duen hitzarmenaren baitan banatzen ditu Eusko Ikaskuntzak, urtero, ohorezko saria, euskal musikagintzan ibilbide luze bezain oparoa egindako musikagileari, eta gaztea saria, dohain bereziak erakusteaz gain, aparteko ekarpena egin dezakeela antzematen den musikari gazteari. Aurtengoan, ohorezko saria Benito Lertxundiri eman zaio eta, gazte saria, Txomin Dhers txalapartariari.
Txomin Dhers-ek, txalaparta bizitzeko molde bat dela esan zuen. Instrumentu berezia dela: munduan binaka bakarrik jotzen den tresna bakarra. Eta ondotik jakinarazi zigun, gure harridurarako, zein den bizitzaren funtsaren eta txalapartaren arteko lotura estua: kasu bietan, elkarrekin bizitzen ikasi behar dela. Txalaparta lagunarekin jotzen delarik, besteari hatsa hartzen ikasi behar dela azaldu zuen, besteari behatzen, besteari lekua uzten, bestearekin bat egiten. Baita erabakiak hartzen, denbora kudeatzen eta isiltasuna errespetatzen ere.
Benito Lertxundiri buruz hitz egitean ordea, aipatu zen, abeslariak hitzen gainean azpimarra berezia egiten duela. Eta, finean, musika hitzari jartzen zaiola, hitzak geure baitan betirako geratuko badira. Musikari gailentzen ote zaion hitza, nahiz eta musika den gure gogoari atxikitzen zaiona.
Hitzen indarraz hitz egitean, Benito Lertxundiren lan askotarikoen artean, bada bat aipatzekoa. Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Egunaren Sariak abiatu zituenean, Benito Lertxundiri Euskararen Egunari eskainitako kantua sortzea eskatu zion. Eta halaxe egin zuen. Abesti hartan, Benitok defendatzen du euskara giza ondarea dela, komunikaziorako eta batasunerako tresna, elkar ulertu eta giza helburu gorenera heltzeko beharrezko baliabidea. Eta aipatzen du baita ere, hizkuntzak jakinarazten diola belaunaldi bakoitzari oinarrizkoa den kultura guztia.
Larunbatean, Benito Lertxundiri ohorezko makila eskaintzen zitzaion bitartean, bi lezioak egin ahal izan genituen geure: elkarrekin bizitzen ikasi beharrarena eta belaunaldi bakoitzari oinarrizko kultura transmititzearen garrantzia.