Egunero iristen zaizkigun albisteen artean egia, egia-ostea, gezurra, asmakizuna, faltsukeria, iritzia eta fantasia desberdintzea gero eta zailagoa dela egiaztatzen badugu ere, muga guztiak gainditu dituzte Valentzian gertaturiko hondamendiaren eta tragediaren inguruaz iritsi zaizkigun albiste eta sasi-albisteek. Uholdea bezain handia izan da gezurren uholdea, sare asozialetan batez ere. Oraintxe bertan irakurri dut fenomeno paranormalez arduratzen den telebista-aurkezle baten kolaboratzaile bat belauniko jarri dela lokatzetan erakusteko gero telebistan ikusleei bera ere, prakak zikin-zikin, garbiketa lanetan buru-belarri ibili dela.
Sare asozialetan esan dut, baina ez bakarrik sare asozialetan. Hedabide ustez serioagoetan sentsazionalismoa nagusitzen ari da, eta datu objektiboen falta nabarmena da: zenbat dira desagertuak eta zaurituak? Egunkari batzuk arakatu ditut jakiteko ea ura eta argindarra lehengoratu dituzten, baina orain dela bi eguneko berri txiki bat bakarrik topatu dut, etxeen %95ek argindarra dutela zehazten duena. Uraz ezer ez. Ziur aski agintariek ez dituzte datu horiek eman oraindik (eman nahi?), edo ez dute jakingo, hondamendiaren aurrean erakutsi duten ezjakintasunaren, inkonpetentzia eta ergelkeria kriminalaren beste adibide bat. Adibide gehiago etorriko dira.
Gaur egun informazioa nahi duenak lan eskerga du aurretik, eta denbora beharko du, zeren albiste hau edo hura egiaztatu, egunkari hori edo hura irakurri, telebista edo irrati hau edo hori entzuteko denbora behar baita, eta jadanik ez da nahikoa hedabide baten joera ideologikoaren berri izatea, gutarrek esaten dutenarekin konformatzen ez bagara, behintzat. Mesfidantza orokortu da, eta gezurra egia baino sinesgarriago bihurtu da, deigarriago, zirraragarriago, neurri batean ederrago.
Eskuinak eta eskuin muturrak aspaldidanik dakite hori, eta aspaldidanik dakite hori erabiltzen. Gezurra eta egia desberdintzea ezinezkoa denean, gezurra polita denean eta egia aspergarria, beraiek dira irabazle, lokatzetan lohi irabazle.