Batzuetan, ez. Eta beste batzuetan, beti ez, eta ezetz. Horixe da esan behar dena, derrigorrez batzuei esan behar zaiena. Horrexegatik, begi onez ikusi du jende askok Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakari berriak hiru letra dituen alderdi ultraeskuindarrari egin dion ukazioa, bizkarra emanez. Lehendakariak Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiekin bilerak izango dituela aipatu zuen, eta halarik ere, faxistekin ez da bilduko, “oinarrizko printzipio demokratiko eta etikoak” ez baititu errespetatzen. Egia esan, alderdi sasi-politiko horrek ez du ezer ere errespetatzen, eta inboluzioan eta konfrontazioan baino ez du sinisten, eta bere mezu groteskoek ez lukete lekurik mereziko balore demokratikoak zaindu beharko lituzkeen gizarte batean.
Hortaz, hiru letra dituen alderdi hori mutu bilakatu beharko luke gobernu berri horrek, espaziorik gabeko kontu sinbolikotzat hartu, erabat deslegitimatu eta asfixiatu arte. Ideia horrekin, oso interesgarria litzateke ia gizartearen maila guztietan gauza bera gertatuko balitz. Eta hala, Pradalesek ultraeskuindar horiekin bilduko ez delako albistea sortu orduko, egokia litzateke beraiei ahotsik ez ematea, EITBk ez bezala eginik.
Izan ere, lehendakariak hartutako erabakiaren ostean, albistegietan hiru letra dituen alderdi horren ordezkariaren hitz laidogarriak entzun behar izan genituen. Ondo legoke euskal telebistan gero eta presentzia gutxiago emango balitzaie Abascal, Meloni, Le Pen, eta bestelako jendilaje horri, ezerezetik sortu baitira eta espazio publiko hori okupatu baitute, hein handi batean, hedabideek tai gabe bilatzen duten sentsazionalismo-egarriari esker.
Eskuinak ez ditu euskal kultura eta euskara errespetatzen, eta politika baztertzaileak egiten ditu. Gaur egun ere, milaka adibide ditugu. Azkena, PSOEren eskutik etorri da, komunikazio-arduradun lanposturako euskararen eskakizuna ukatzegatik. Eta ez da horrela. Lanposturako gaztelania derrigorrezkoa den bezalaxe euskara ere eskatzen da. Hizkuntza koofizialaren erabilpena bermatu behar da Nafarroako hainbat herritan. Hortaz, ez.