Erromako aita santuak duen irudi aurrerakoia, ez dakit bere lagunek ala bere etsaiek bultzatuta, kalteturik atera da azken egunotan. Apaizgaietan apaizgai homosexualak ez onartzeko aholkua eman omen zien apezpikuei bilera batean, oraingo apaizgaietan jadanik maritxukeria gehiegi badagoela argudiatuz. Ez dakit nik zer izango den maritxukeria aita santuarentzat edo nolakoak izango diren apaizgaitegiak. Eta orain dela gutxi, apaiz gazteen artean zegoela, adierazi zuen apaizek prakak eramaten dituztela, eta, beraz, garbi hitz egin behar dutela (ez dut praken eta garbi mintzatzearen arteko lotura hori ulertzen), txutxu-mutxuak bertan behera utziz, horiek, txutxu-mutxuak, emakumeen kontuak direlako. Jakin dudanez, Frantzisko aita santuak homosexualei buruzko adierazpenengatik barkamena eskatu berri du, baina ez dakit emakumeen kontuaz berbera egin duen ala ez. Agian aita santua ez da saldu diguten bezain aurrerakoia inoiz izan: Argentinan zebilenean sexu berekoen ezkontzaren aurkakoa zen, eta azken urteotan ez dirudi emakumeek eskubide gehiago lortu dituztenik Erromako elizan.

Adierazpen homofobo eta misogino horiek bilera pribatuetan egin zituela azaldu digute batzuek garrantzia kentze aldera, ez oso gustu oneko txantxak zirela kasurik txarrenean. Ez dut eztabaidatu nahi aita santuak bizitza pribatua duen ala ez, guztion bizitza pribatua mundu postmodernoan desagertzen ari dela kontsideratzen badugu, baina bilera pribatu horietan zeuden batzuek berehala kaleratu dute entzun zutena, aita santua izorratzeko asmoz: kristau-karitatea ere, antza, krisian dago.

Europa osoan gorantz omen datorkigun eskuin-muturra Vatikanora ere iritsi al da unibertso osoan egon den aita santurik aurrerakoiena kutsatu arte? Aita santuarena Europako hauteskundeetan igandean ikusiko dugunaren aurrekaria al da?

Istorio honetatik gehien gustatu zaidana Frantziskok erabili zuen hitza izan da: “Frociaggine”. Ederra da italiera. Maritxukeria utzi eta “frociaggine” erabili eta praktikatzeko kristoren gogoa piztu zait, kristorena.