Katalanez irakurri nuen txio batek, @iuforn izeneko norbaitek sinatuta, laburbildu zizkidan, eta azaldu, hauteskundeetako emaitzak eta ondorioak: “Veient els resultats electorals d’avui, pot passar de tot i el contrari. O cap d’aquestes coses...”. Gaurko hauteskundeetako emaitzak ikusita, denetarik gerta daiteke eta kontrakoa. Edo horietako bat ere ez... Hitz-joko hutsa dela ematen du, txantxa besterik gabe, esaldi burutsua kasurik onenean, halere, zaila izango litzateke analisi zehatzagoa egitea hitz gutxiagorekin.
Astelehen goizean jakin genuen Aragonès orain arteko presidenteak bertan behera utziko duela Parlamenten lortu duen eserlekua, Puigdemont jaunak bere burua aurkeztuko duela president izateko eta Illa jaunak, irabazle garbia izan den aldetik, jakina, gauza bera egingo duela. Aukera guztiek zirrikituren bat dute arrakasta lortu ahal izateko, baita hauteskundeak errepikatzekoa ere, urrian. Nolanahi ere, aukera guztiek itxaron behar dute Europako hauteskundeak egin arte, hau da, denbora dagoela oraindik posibilitate horiek guztiak banan-banan heldu, umotu eta usteltzeko. Muga abuztuaren bukaeran dago ezarrita. Entzun ditudan konbinazio batzuk, Illa Junts-ekin, demagun, bitxiegiak iruditzen zaizkit, baina politikagintzan joan-etorri eta bihurguneak ezin asmatuzkoak dira, ohituta gaude.
Kataluniarrei ez zaie nahikoa iruditu parlamentuan eskuin muturreko alderdi bat izatea, eta bi izango dituzte. Ez dakit horretan ere Kataluniak erakutsi duen penintsulako nazio europarrena dela, abangoardian dagoela. Ikusiko dugu zer gertatuko den hurrengo hilabetean Europako hauteskundeetan eskuin muturrekin (plurala erabili beharko dugu hemendik aurrera?).
Eskuinak, oro har, gora egin du, eta ezkerrak behera, salbu eta PSC (onartzen baldin badugu olagarroarena). Ez dakit zer pentsatuko duten ERCeko euskal lagunek. Illak irabazi du, noski, eta Sánchez erregaitzak. Entzun dut hauteskundeak errepikatzen badira Junquerasen eta Puigdemonten arteko OK Corral duelua ikusiko dugula. Dueluetan batzuetan bi partaide hiltzen dira.