A urreko astean Euskal Herrian barrena bidaiatzea egokitu zait. Donostiatik Baionara, Iruñeara, Gasteizera eta Bilbora. Hiriburu guztiak egin ditut. Era batera edo bestera, guztietan izan ditut hauteskundeak hizpide. Hauteskunde osteko udal gobernu eraketak, hobe esan. Eta ez dut poz handirik aurkitu inon ere. Dela hauteskunde emaitzak ez direlako nahi bestekoak izan, dela emaitza historikoak lortuta ere, ondotiko akordioek ez dutelako gobernu argazkirako traje berririk eskatu. Umeek esaten dakite, ez dakitela gauza batzuk zergatik eta zertarako gertatzen diren. Bizitzari, gertatzen den gauza orok eragin propio bat izan beharko balu lez.

Bilbon izan nuen, bada, azaltzen ez dakigun gertakizun horietakoa. Metroaren zain nengoela, aspalditik ikusten ez nuen herriko ezagun batekin egin nuen topo. Zer moduz xalo batekin agurtu genuen elkar. Bera herritik kanpo bizi da orain. Ni ere bai. Baina, batu gintuen hartara joan zitzaigun burua eta ezin ekidin galdetzea: Zer berri herrian? Egia esan, gurasoengatik galdetu nahi izan nion. Baina bera, herriaz galdetzean, ez zen jaioterrian gelditu. Eta Euskal Herriaren eremura joan zitzaion gomuta. “Orain heldu gara ahotsa izatera”, izan zen bere ateraldia. Eta ahotsik ez genueneko garaian elkarrekin manifestaldietan eztarria behin eta berriro urratu izana gogoratu nuen nik. “Kontua da orain zer egingo duten: entzun edo ez entzun”, azkendu zuen berak.

Ez genuen gehiagorako tarterik izan. Trena etorri zen eta, filma bat balitz lez, ezagunari bi musu eman eta trenean aldendu nintzen.

Beste 30 urte pasatuko ote ziren galdetu nion ene buruari, ezagun hura berriro ikusiko nuenerako. Zergatik topo egin genuen? Enkontru labur hark zer ekarri zidan? Umeek esaten dakite gertatzen den orok behar duela azalpena. Haria topatzean dagoela gakoa. Eta, horretarako, zortea izan behar dela. Hauteskunde osteko gobernu eraketen hariari zentzua topatzeko ere, bada, zoriari deituko diogu. Ezagutzen dugunarekin topo egitean sentitzen dugun ziurtasun baina aldi berean ihes egiteko behar berberarekin.