Pertsonak bezala, garai bakoitzak, edo jendarte bakoitzak agian, bere zoroa bizi du. Gurean jarduera estrabaganteenak ere justifikatzeko lanpostuak sortzearen kontua erabili ohi da. Edozeinek konprobatu ahal du lanpostuak sortzen direla esateak den-dena baimentzen duela; une batzuetan pentsatu izan dut norbaitek droga trafikoa, diru beltzaren garbiketa edo prostituzioa zuritzeko lanpostuak sortzearena aterako lukeela laster. Mutur horietara iritsi gabe, orain edozein egitasmok, guztion onarpena lortu nahi badu, zehaztu behar izango du nahitaez sortuko duen lanpostu zuzen eta zeharkakoen kopurua.

Lanpostuen sorreraren mantrari beste mantra bat gaineratu behar diogu egunotan (lehiakortasuna ona dela errepikatzen digute agintariek): ona al da hau edo beste hori ostalaritzarako? Jarduera estrabaganteenak justifikatzeko dugun neurgailu berria da jakitea ostalaritzarako ona den ala ez. Ostalaritza oro har, bere osotasunean hartuta: ez dira bereizten ostalaritzako enpresariak eta ostalaritzako langileak, auzoko taberna xumeak eta frankizia erraldoiak, eguneko menua duten jatetxeak eta sukaldari jainkotuen mitxelinak. Eguraldia iragartzen dutenean ere, iragartzen dute tenperaturak ostalaritzarako onak izango diren ala ez. Albistegiak ostalaritzaz beterik datoz: argindarraren prezioa ez da ona ostalaritzarako, eguberrietako argiak onak dira ostalaritzarako, terrazak onak dira ostalaritzarako, terrazetan eserita denbora gehiegi ematea ez da ona ostalaritzarako. Ostalaritzako langileek dituzten lan baldintzez eta hitzarmenez gutxi hitz egiten da dena den; ez dira onak izango ostalaritzarako.

Gure ekonomiaren paradigma aldaketaren ondorioa izango da hori guztia, makina-tresnagintzatik ostalaritzarako ematen ari den bidearen adibidea, garai berriaren patua. Baina ostalaritza dela eta, ematen ari zaigun alamenak betekada ekar diezaguke guztioi, eta betekadak ez dira onak izango ostalaritzarako. Berri-berriki hasi naiz nire buruari galdetzen ea ni neu ona izango naizen ala ez ostalaritzarako.