Zutabetxo honen izenburua erabakitzean eta zubigintza hitza idatzi bezain pronto nire aita Inosen datorkit burura, garunera…eta bihotzera. Euskaraz idaztea erraza ez zenean, 1965 inguruaz ari naiz, nire aitak garai hartako Zeruko Argia izena zuen Kaputxinoen aldizkarian idazten zuen, ni 12 urteko mutiko bat nintzen, baina gogoan daukat nola idazteko makina zahar eta handi batean aritzen zen tekleatzen eta tekleatzen, amaitu bezain laster ni bidaltzen ninduela Grosen bizi ginen etxetik, zubia pasa, eta Kaputxino elizan ez dakit nori emateko idatzitakoa. Zubia pasatzen nuen bai, harantz eta buelta. Zubia. Horietako artikulu baten izenburua Zubigintza zen. Artikulu profetikoa hain zuzen. Euskaldunon arteko zubigintzaz ari zen, belaunaldien arteko zubigintzaz, euskarak ere bere zubigintza partikularraren beharra omen zuen (batua eta euskalkien arteko, ha eta abar), abertzaleen artean zer esanik ez. Zubigintzaz ari zitzaigun frankismoaren itzal erdian. Gero artikulu hori, eta beste batzuk, aurkitu nizkion bere heriotzaren ondoren eta gaurko Argiara bidali hemerotekan gordetzeko. Zubigintza, eta zubigileak noski, aitaren benetako grinak alor askotan, gehienetan.

Ez da lehengo aldiz hezkuntzaren inguruko gogoetari ekiten diodala, ezta azkenekoa ere ekingo diodanik, aldizka horren ingurua darabilt burua. Pentsatzen dut irakasle izan naizen urte luzetan galdera-zalantza-duda-muda izan ditudala nire garunean. Sarri datozkidanak hain zuzen. Uste dut hezkuntza dela bereziki edozein gobernuk zaindu beharreko esparrua etorkizuna bera baitago jokoan. Eta horregatik nire iritziz politikaren zelaiaren liskarretik kanpo geratu beharrekoa. Alor honetan begirada luzea, auzolana, konpromisoa eta ardura ezinbestekoak zaizkigu, segregazioa, aniztasuna berdintasunean, hezkidetza, euskararena, elkarbizitza eta berrikuntza lantzean. Guztion ardura. Ez da inor soberan. Zubigintza ezinbesteko baldintza eta jarrera, baita hezkuntzan ere. Bizitzan. Bedi bada. l