Eskuan klarion zati bat hartu nuen lehen aldia 1979ko azaroaren 1ean izan zen, Zubieta-Usurbilgo Lanbide Heziketan, aurten beraz 43 urte. Gernikako Autonomia Estatutua oraindik ez zegoen (hurrengo hilabetean, abenduaren 18an hain zuzen lortu zen 3/1979 Lege Organikoaren bidez), ez zegoen Eusko Jaurlaritzarik, ezta Gasteizko Parlamentua, EITB, Ertzaintza, ezta Osakidetza ere, ezer ez. El Preautonómico deitzen zena soilik, hau 1978ko urtarrilean sortu eta 1980ko apirilera arte iraun zuen, Euskal Kontseilu Nagusia bezala ezaguna zena. Carlos Santamaría donostiarra izan zen Hezkuntza bere gain hartu zuena. Kontseilu Nagusiak bi presidente izan zituen, lehenengoa eta lehenengo urtean Rubial sozialista izan zen (beste historiko bati, Juan de Ajuariaguerrari hain zuzen ardura “irabazi” ziona), hurrengoa Carlos Garaikoetxea izan zen, bere garaian, EAJko kidea. “Trantsizio” baten erdian geunden, ozta-ozta bidea egiten ari zen, Diktaduratik Erregimen Demokratikorako trantsizioa. Zeregin erraldoi bat zegoen esku artean, Euskadiren instituzionalizazioaren hasieraren hasiera izan zena, Euskadiren egituraketaren goiz-alba, ilusio mugagabea, grina demokratiko sutsua, zeregin oso bat aurretik. Ikastetxe publikoetako ikasketa-planetan euskara irakasgai gisa sar-tzeko “aukera-zirrikitu” igartzen zen, pentsaezina zena ordurarte. Egia bilakatuko zitekeen ametsa. Garai haietan, Euskaltzaindia zen euskarazko tituluak ematen zituen erakunde bakarra (D eta B). D gero EGArekin homologatu zen, Irakasleen 2. Profil Linguistikoarekin, eta gaur C1 denarekin. B gaur IVAPen maila gorenaren parekoa zen. Nik neuk biak nituen, kartzelan egoteak badu gauza on hori: denbora asko edukitzea. Horrela lortu nituen bi tituluak eskura zegoen material gutxiarekin handik eta hemendik bila. Koldo Mitxelenaren idazlan, artikulu, liburu eta saiakerei buruzko lan baten bidez lortu nuen B delakoa. Patxi Altuna jesuita irakasleari gustatu zitzaion gero EGAN aldizkarian argitaratutakoa. Hasiera zen.