Ederretsi
Alfonbra gorria ezinbesteko duen arteak jenialtasuna ez du aski
1993ko abenduaren 19an izan zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finala. Donostiako belodromoa lehertzear: final ona, entzuleak zortzi ordu luzez isiltasun erabatekoan... Bi egunen buruan, santomas egunez, finalistetako lauk Azpeitiko plazan kantatu genuen: jendea taloak jaten eta zurrutean, ttuntturroak gora eta behera, kantuan ari ginen bitartean gazte batzuk gorputz erdia estaltzen zigun pankarta bat jartzen... Protagonistak berberak ginen, baina lekuz eta garaiz kanpo geunden.
Joshua Bell munduko biolin-jotzailerik handienetakoa da. Haren kontzertuetarako sarrerak aurrerapen handiz jartzen dituzte salgai, eta ez dira batere merkeak izaten. Aretoak bete egiten ditu. Joshua Bellen soloetan jendearen arnasarik ere ez da entzuten, hainbat entzulek negar egiten dute, hunkidurari eutsi ezinik. Ez dut hura zuzenean entzuteko zoririk izan, baina zirraragarria behar du.
2007an esperimentu sozial bat egitea otu zi-tzaion. Washington DCko metroaren ate ondoan jo zuen 45 minutuz, bisera buruan, kamiseta arrunta soinean. Emanaldi handietan jotzen dituen pieza berberak jo zituen 3 milioi euroko Stradivarius berarekin. Inork ez zuen ezagutu, ez zen jende pilaketarik izan. 32 euro bildu zituen.
Bell ez zen tronpatu; talentua han zegoen, ohiko maisutasunez jo zuen errepertoriorik ederrena. Alabaina, hura ez zen unea, ez zen lekua, ez zen testuinguru egokia. Metroa ez da entzuteko lekua, pasatzekoa da. Halako lekuetan gelditzea luxua da, minutu bat eta hemeretzi segundo barru dator hurrengo trena. Baina hori baino gehiago ere bada. Kartelik gabeko entzukizuna hutsala da, propagandarik gabeko espektakulua ezdeusa, sarrerak erosteko zailtasunik gabeko emanaldia susmagarria. Doako plazerak, bat-bateko arteak, entzuteko gaitasuna eskatzen du, gelditzeko adorea, isilik egoteko pazientzia, eta guk dohain horiek galduxe ditugu. Gozamenak programatua eta ordaindua behar du; bat-bateko mirariak Lourdesen.
Alfonbra gorria ezinbesteko duen arteak jenialtasuna ez du aski. Eta edertasuna ederresten ez dakienak nekez asmatuko du bizia bizitzen.
