Bada zigor-kodean ageri ez den zigor bat, politikari askorentzat kartzela baino gogorrago dena: egia azaleratzearen beldurra. Ez epaiarena, ez kondenarena; egia argitara ateratzearena baizik; paper batek, grabazio batek, argazki batek edo sinadura zahar batek ibilbide osoa hondoratu eta izen ona lorrinduko duen beldurra.
Dokumentu desklasifikatuek ataka estuan jarri dute ostera ere Donald Trump AEBko presidentea. Zenbat eta denbora gehiago igaro, zenbat eta dokumentu gehiago desklasifikatu, orduan eta lotsa-emangarriago da haren ibilbidea. Sekula ez dugu jakiten haren ongintza-ekintzaren baten berri, dena da zikina, lizuna, nagusikeriazkoa, arbuiagarria. Hura ere pertsona da eta izango ditu une ilunak eta nahasiak, baina halere ezin dut irudikatu burkoari hozkaka negarrez, familiaren, lagunen, alderdikideen edo iritzi publikoaren aurrean lotsagarri geratuko den beldurrez. Den bezalakoxea izateaz harro dagoenaren plantak egiten ditu etengabe, eta balirudike halakoxea izateagatik maite dutela jarraitzaileek ere: ongiaren eta gaizkiaren, laudorioen edo lotsakizunen gainetik dagoen agintari ahalguztiduna.
Abalosen eta Cerdanen gauak irudikatzen saiatu naiz. Zenbateraino ote daude benetan damututa egin omen dituzten lapurretez, izan dituzten jokabideez? Damurik eta amorraziorik handiena ez ote dute ustelkeria hobeto estaltzeko gai izan ezarena?
X jaunaren gauak ere irudikatu ditut. Egiten ote du lo sendagarririk GAL talde terroristaren arduradun gorenak? Ba ote du zinezko damurik? Zenbaterainoko presioa egiten ote du dokumentu horiek egundo argitara ez daitezen?
Boteretsuen beldurrik handiena ez da ziega, kontrolpean ez duten informazio galgarriak galarazten die loa. Zenbait alprojari horrek ere ez.