Donald Trumpi buruz egiten diren gogoeta eta ikerketa serioek argazki bertsua uzten digute: autokontrol izpirik eta argitasun handirik gabeko tiranoarena, gizateriaren historiara hizki larriz pasatu nahi duen egolatra arriskutsuarena.
Badu denbora pixka bat, baina aktualitate betekoa izaten jarraitzen du mugikorraren galerian gordea dudan bideotxo fikziozko batek. Trump ageri da boxeo-zakuto bati kolpeka. Zakutoan irudiak aldatuz doaz, hainbat herrialde, erakunde eta kontzeptu irudikatzen dituztenak –egin beza norberak horien irakurketa–: New Yorkeko Askatasunaren Estatua (askatasun kontzeptuaren itxuragabetzea, barne-erakundeen endekapena), kapela mexikarra (immigrazioaren aurkako diskurtso xenofoboaren sinbolo), Txinako heraldo gorria (gerra komertziala eta birusen kontrolik ezaren salaketa), NATO (aliantzekiko mespretxua eta gutxien ordaintzen dutenekiko destaina), NBE (Nazio Batuenganako mesfidantza eta isolazionismoa), hartz polarra (klima-aldaketaren ukazioa eta ingurumen-politika suntsitzailea), mutiko beltz bat (arrazismoa eta supremazismo zuria), feminismoaren ikurra (zein desberdintasunez ari zara baina!), LGTBI+ kolektiboarena (geldi ditzagun degeneratu hauek!), bakearen usoa (ez ikurrak baliogabetu, neu naiz munduko bakearen berme!), meskita bat (islamofobia eta erlijioen arteko gatazka), eta ludiaren irudi bat azkenik. Hari ematen dio kolperik handiena, baina, bumerana legez, biderkatutako indarrez itzuli, laranja jokoloreko muturrean jo eta hankaz gora eraisten du Amerikako Estatu Batuetako lehendakaria.
Azken asteotako ekinbideek eta mehatxuek are gehiago biribildu lezakete bideotxoa, baina aski ongi laburbiltzen du Trumpen jarrera. Ludiak eta jendearen oldarrak bueltan emango dion azken kolpe hori ikuskizun da oraindik, baina, gerta ledinean, justizia poetikoa baino ez da izango. Eman denborari denbora.