Iranen emakume izatea ez da identitate kontua, zigorra da. Legeak eta eguneroko praktikak hertsaturik bizi dira, zapalkuntza-sistema itogarri eta ukatzaile batek gatibaturik. Ez dira salbuespen jakinak, ez dira gehiegikeria puntualak, estatu-eredua da.
Hijaba ez da hautu aske bat Iranen, derrigorrezkoa da. Ez janzteak edo “gaizki” janzteak 5 eta 15 urte arteko kartzela-zigorra eta makilakadak izan ditzake ondorio; hijabaren aurkako aktibismoak heriotza-zigorra izan dezake; besoak edo hankak erakusteak berehalako atxiloketa eta 10 urtera arteko kartzela dakar; “moralaren polizia” ez da sinbolo folklorikoa, indarkeria tresna da: ezkontzan, dibortzioan eta haurren zaintzan emakumeak bigarren mailako subjektu juridikoak dira; epaitegietan emaztekien testigantzak gutxiago balio du; hainbat bidaia legez kanpoko dira senarrak edo aitak espresuki baimendu ezean; oinordetzan, gizonaren erdia jasotzen dute; delitu “moralengatik” heriotza-zigorra ere ezar dakieke.
Badira, jakina, erregimen teokratikoaren eta erlijio bihurrituaren mugak barneratu dituzten emakumeak, bigarren mailako gizakiak direla sinetsi dutenak, baina ez dira horiek gehiengoaren erakusgarri. Irango emakumeak ez dira ezjakinak eta otzanak, unibertsitateetan gehiengo dira, eta ez daude erregimen basa eta mugatzailearen mendeko rola onartzeko prest. Ausartak eta kementsuak dira, zangarrak eta ekimentsuak. Haiek ageri dira azken asteotako protesten lehen lerroan, ausardia harrigarriz ari dira poliziari aurre egiten.
Harrigarri bezain deitoragarri da mendebaldeko iritzi publikoaren erreakzio epela. Sareetan, hedabideetan zein karriketan Irango erregimenaren aurkako protestak eta irandarrenganako elkartasun adierazpenak oso bakanak eta ahulak izaten ari dira beste zenbait kausarenganakoekin alderatuta. Erlatibismo kulturalak ez dezala urardotu gure elkartasuna, sentiaraz diezaiegun ez daudela bakarrik, irabazi arte borrokan jarrai dezaten. Besoak biluz eta burua goian.