1566ko abuztuaren 10ean ikonoklasten oldarra izan zen Herbeheretan, Beeldenstorm izena eman zitzaion eraso antolatua. Zenbait talde protestantek arte katolikoko hainbat lan suntsitu zituzten elizetan, monastegietan eta gune publikoetan.
1992ko abenduaren 11n Santos Iñurrieta margolariak Agustin Ibarrolaren artelan bat eraitsi zuen Gasteizen, egun argiz eta kultura zinego-tziaren aurrean. Erasotzaileak adierazi zuen Eusko Jaurlaritzaren kultur politikaren aurkako ekintza izan zela. Jorge Oteitzak gune publikoak apaingarri ergelez betetzen ari zirela salatu eta margolariaren jokabide ausarta goretsi zuen. Hamabost egunen buruan, Jorge Oteitzak Aita Donostiari eskainitako eskultura bat suntsitu zuten Agiña mendian. Aralar Komando Kulturalak erreibindikatu zuen ekintza.
Harrespilaz eta historiaurreko monumentuz josiriko gune batean estela hura jarri izana salatu nahi izan bide zuten. Oteitzak Koldo Azpiazu ikasle ohiari leporatu zizkion bere obren aurkako erasoak, Debako Eskolatik kanporatu zuenari.
Nestor Basterretxearen obren aurka eraso bat baino gehiago egin izan zituzten. Desadostasun politikoak egon ziren ekintza batzuen oinarrian, baina izan ziren beren sinadura ezartzea beste xederik gabeko grafitigileen apainketak ere.
ETAk Gipuzkoako Gobernadore Zibil zelarik hil zuen Juan Mari Jauregi legorretarra. Lagunek sustaturik, Joxe Lasa artistaren oroigarri bat jarri zuten Burdinkurutzetan. Hainbat aldiz eraso egin izan diote.
Iazko martxoan Greziako politikari ultraeskuindar bat Atenasko pinakoteka nazionalean sartu zen, Jristoforos Katsadiotis artistaren grabatuei eraso egitera. Erlijioaren aurkako arte blasfemoa omen.
Aste honetan atera dute Urola ibaiaren bokaletik Zinka izeneko artelana, Ana Herranz eta Jose Luis Gonzalez artistek Iñaki Olazabal zenaren omenez egina. Iragan azaroaren 22an mozkor-aktibismoaren bost militantek errotik atera eta uretan hobeto zegoela ebatzi zuten. Ekintza ez du inork erreibindikatu.