Bertsotan konplexuei ixkin egin izan diegu. Lazkao Txikik berak, esate baterako, gorputzaren txikitasunaz eta mutilzahar izateaz oso maiz kantatu izan zuen, baina ez ezaugarri horiek sortutako minaz eta ezinaz. Umoretik heltzen zien, eta ezin hobeki baliatzen. Ez, salbuespenak salbuespen, konplexuak ez ditugu kantagai izan, are gutxiago traumak, norberarenak bederen.

Anbiguotasun sexualak eta estetikoak ere ez dute oraintsu arte lekurik izan oholtzetan. Gizonak gizon behar zuen, emakumeak emakume, eta bakoitzak hankarteko matrikularen araberako jantziak. Beste oholtza batzuetan orain berrogeita hamar urte baino gehiago hasi ziren anbiguotasunarekin jostetan, kanon arautuak eraisten. Lou Reedek eta David Bowiek gizartearen itxurak eta itxurakeriak dardararazi zituzten, erregelak erre, arauei alarau egin. Niko Etxart ausartu zen euskal tranpaldoetan ohiko zen estetika ñabartzen, ez ondorio lazgarririk gabe: “ez nehori erran gure semea haizenik!”, bota zion aitak.

Bost hamarkadak amiñi bat aitzinaraziko gintuzten, baldinbaitere!, baina Altzürükü ez da Londres, Zarautz ez da New York. Hemen oraindik ere kanon guztiak erauzi beharra eskatzen du zenbait hautuk. Oholtzetan zein oholtzapean. Baldin eta, jakina!, inauteak ez badira. Orduan ehunka transformer ikusiko dituzu gure karriketan, barnean daramaguna ateratzeko gizarte-baimena ematen duten egun bakarrak izaki, agi danez. Handik aurrera, hausterre eta garizuma. Eta inkisizio. Beharrik baditugun gure mugak eraisteko kuraia eta adorea duten xori ñabar askatzaileak.