Pilota-jokoek historia luzea eta aberatsa dute mundu zabalean. Euskal pilota deitzen diogun hori askoz berriagoa da, baina ukaezinak dira euskaldunok joko horiei egin dizkiegun ekarpenak, lehiarako zein jostaketarako. Pilota, Euskal-jokoa izeneko bertso sortan eman zuen Xalbador bertsolariak ale eder hau:
Bistan denez, Urepeleko artzainak bertso horiek idatzi zituenean gaur baino hedadura eta indar handiagoa zuen euskal pilotak. Gaur egun nazioarteko pilota txapelketetan askoz eskasagoak dira parte-hartzaileen kopurua eta haien joko maila. Ez da batere erraza izango joera hori iraultzea. Ekonomikoki hala moduz dabiltzan herrialdeetan bideraezina da pilota-plaza bat eraikitzea, pentsaezina hileko jornalarekin ordain ez daitezkeen saskiez eta pilotez hitz egitea. Bideragarritasun ekonomikoarekin estuki lotua dago one wall izeneko joko-moldearen arrakasta: horma ertain bat eta pilota merke bat aski dira.
Espainian izan gara atzo, Soria hiribiruan. Gaztelan egundoko zaletasuna izan dute pilotarako, baina hango gainbehera benetan da larria. Transmisioaren kate-begia eten egin da, eta ez dago gazteei irrika eragiteko baliabiderik. Halere, gutxien espero den lekuan du arrakasta pilotak. Lehengo igandean Lekunberrin ginen. Hegoaldeko sarrerako biribilgunean Guardia Zibilaren kontrol bikoitza zegoen. Futz egitera behartu eta gero, harri eta zur utzi ninduen txapelokerrak: “Zuk pilota partidak ematen dituzu telebistan!” Hedadura xelebrea…