Ortotipografiaz aritu gara asteon ikastaro batean. NAN ala NANa idatzi beharko genukeen, esate baterako. Agiri hori, zenbaiti poltsikoa eta poltsikondokoa erretzen dizkiguna, askok geure sentitzen ez dugun nazio batek emana da. Bestelako identitate sentimentua dugunok, noizbait egin behar genioke nagiari aurre, eta Euskal Nortasun Agiria eskatu. Euskal agiri nazional hori kudea-tzen duen elkarteak izen-deiturak euskal grafiaz jartzeko eskaera egiten du –inor ez dezakete derrigortu, prefosta–. Euskal grafia, modu gero eta orokorragoan bazter-tzen ari garen beste nortasun-zeinu bat. Oso deigarri gertatzen zait ustez euskal kontzientzia handiko jendeak –kazetari, bertsolari, kantari, eragile...– nola egiten dion men erdarazkoari. Lehengoan Azkoitiko saltoki handi batera eraman nau amak, “erakutsi nahi dizut, seme, gustatuko zaizu”. Susmatzen nuen hango barazkiez edo txukuntasunaz bestelako zerbaitek xarmatua izango zuela gure ama. Bai asmatu ere! Supermerkatu-katel alemaniar baten saltokian informazio, ohar eta esaldi inspirazional guztiak euskara hutsean jarrita dauzkate –sarrerako atean paperean daukaten ohartxo bat salbu–. Atzo bertan, ostera, Zarauzko beste saltoki handi batean bestelako kontuekin tentatu nahi izan naute: “har ezazu parte eta zoaz Eurokopara selekzioaren partidak ikustera!” Euskal kooperatiba entzutetsu baten saltokian ari dira mezu hori zabaltzen. Eurokopan, jakina, ez du Euskal Selekzioak jokatuko, beste talde bati buruz dihardute. Batzuetan irudipena izaten dut kultura eta nortasun asimilazioak burua eta bihotza irentsi dizkigula jada, izatekotan ere hankaren bat-edo geratzen zaigula ahotzar horretatik kanpo. Otarraina bezala ur epeletan goxo-goxo egosten ari gara.