Hauteskunde egunak gauza onak baditu. Garrantzitsuena, zalan-tzarik gabe, herritarrei hitza ematen zaiela nolabait. Beste gauza on bat: hauteskunde-kanpaina amaitu da. Lasaitu ederra. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako kanpaina oso baldin-tzatuta egon da, zenbait gertakarik laurdenduta: Athleticek kopa irabazi izanak eta Ardantza lehendakariaren heriotzak nagusiki, ez soilik. Halere, ez da berehalakoan azkendu. Hauteskunde-eztabaidek herritarren interesa pizten dute, hori diote audientzia-datuek, eta hagitz deigarria da politikarekin oso desengainaturik omen dagoen gizartea izanik gurea. Talka eta ika-mikazale garelako izango da menturaz, baina hauteskunde-eztabaidek funtzionatu egiten dute telebista-ikuskizun gisa. Niri, ostera, sekulako atzerakoa ematen didate. Aztergaiak bloke zurrunetan banatuak, hautagai bakoitzaren denborak kronometroz mugatuak. Lau segundo geratzen zaizkizu, X andrea. Ez da lan erraza aurkezleentzat, ez hautagaientzat ere. Egiari zor, trebezia aipagarria erakutsi dute oro har. Ez da batere erraza arnasa hartzeko edo begiak kliskatzeko aukerarik ematen ez duen formatu batean dialektika jorian aritzea. Izan ere, dialektikak, nik ulertzen eta maite dudan moduan behintzat, horixe eskatzen du: arnasa hartzea, begiak kliskatzea, bost segundoko isiluneak egitea. Botoa nori eman erabakitzeak ere pausatxo bat eskatzen du. Ez pausarik gabeko erretolikan ondoen nor moldatu den erabakitzeko, eginei erreparatuz herri eta gizarte gisa nork nora, nondik eta nola eramango gaituen aztertuz baizik. Eta bihartik aurrera, dagokienek har bezate arnasa eta izan bezate aski argitasun hi-tzak ekintza bihurtzeko.