covid-19aren pandemiari buruz zein irakurketa historiko egingo den jakiteko oso goiz da oraindik, hasteko pandemia bera amaitu gabe dagoelako. Baina zalan-tzarik ez dago gizadiaren ibilbidean mugarri garrantzitsua izango dela, mundu osoan hedatu, eragin sakona izan eta abagune oso erabakigarrian gertatzen ari delako. Pertsonon izatea, humanitatea eta mundua bera sakonki eralda-tzen hasiak diren abagunea.

Abagune historiko horrek gu bete-betean eragiten gaitu. Baita hizkuntzaren ikuspegitik ere. Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesua burutzetik oraindik urrun gaudenean, pandemiaren eta aldaketa-abagunearen astinaldiek prozesu horretan kostata eraiki ditugun zutabeak dar-dar batean uzten ari dira. Euskalgin-tzak salatu duen bezala, aipatu gertaerak euskararen zaurgarritasuna agerian uzten ari dira. Ez dugu ahaztu behar alarma gorriak pandemiaren aurretik piztuta genituela euskalgintzan, batzuk behintzat. Normalizazioa ondo ez doanaren adierazleak begi-bistan ditugula ikusi nahi dituenarentzat, pandemiarekin okerrera egin duten adierazleak.

Azken urteotan biribilgunean bueltaka egon eta gero, pandemiak aukeratzeko atakan jarri gaitu: azken hamarkadatan aurreratutakoa irabazpidean jartzeko normalizazio-prozesuan jauzi kualitatibo eta kuantitatibo esanguratsua egin, ala, hori egin ezean berriz ere atzerako joeran erori.

EHEren ustez jauzi hori egiteko euskara erdigunean jartzeko beharra dago eta unea dugu. Perspektiba hori izango duen hizkuntza-politika berria behar dugu eta pandemia ondorenak horretarako abiapuntua jarri behar digu, 2021. urte honetan bertan hasita. Horrek eskatzen du eragile guztiek beraien jardunaren erdigunean euskara kokatzea, euskaratik eta euskaraz pentsatu eta aritzea behingoz. Gaurtik hasita, atzerapenik eta aitzakiarik gabe.

Hori erdiesteko, Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza-politiketan adostasun sozio-politikoak eraikitzeko urratsak ematen hasia da. Erantzukizun partekatua oinarri, erakunde, eragile eta norbanakoei atxikimendutik konpromisoetara jauzi egiteko gonbidapena luzatuko die euskalgintzak. Urte honetan eragileen arteko euskalduntzerako adostasun garrantzitsua ezagutuko dugu, zalantzarik gabe normalizazio-prozesuan mugarri izango dena. Paraleloki, euskalduntzea bizkortzeko borrokak berrindartzea euskaltzaleon erronka izango da aurten. Euskaldunon hizkuntza-eskubideen eguneroko urraketak agerian utzi eta euskaraz bizi ahal izatea oztopatzen digun zapalkuntza estrukturala salatu eta gainditzeko euskaltzaleen aktibazioa sustatzearen erronka. Herrika eta eremuka borroka zehatzak piztuz lortuko dugu hori.

Hori guztia estatuen kanpo esku-hartzerik gabe egin behar denaren aldarrikapena ere areagotu beharko dugu. Hori baita pairatzen dugun hizkuntza-gatazkaren muina: estatuen inposizio linguizida. Euskal herritarrok soilik erabaki behar dugu zein nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun Euskal Herrian. Eta horretarako burujabetza osoa beharrezkoa dugu. Hori izango da hurrengo urteetako euskararen aldeko mugimenduaren erronka nagusietakoa: euskaraz bizi ahal izateko burujabetza ezinbestekoa dugula ulertzea, eta alderantziz, burujabetza-prozesuaren erdigunean euskara koka-tzea. Horri begira EHEk ekarpen garrantzitsua egingo du aurten.

Ilusioa eta grina berreskuratu eta euskaldun-tzearen aldeko borroka berrindartzeko urtea izan behar da. Hamarkada batzuk barru, atzera begiratzean, 2021. urtea ez dadin soilik izan pandemiatik atera ginen urtea edo gizadiaren garai berri bati hasiera sinbolikoa ezarri zion unea. 2021. urtea Euskal Herriaren berreuskalduntzean jauzi esanguratsua ere ekarri zuen urte gisa oroitu dezagun.