Espainiar konstituzionalistek, karkek zein progreek, bere nazioa modu supremazistan ulertzen dute, hau da, bakarra, zatiezin eta urtuezina, konstituzioak bere 2. artikuluan dioenez. Hain zuzen, konstituzioak beren supremazismo nazionala babesten duelako dira konstituzionalistak, eta proiektu politiko nazional hori bermatu eta betetzeko, orobat beste proiektuei oztopoak jartzeko eta garatzerik izan ez dezaten, estatuko goreneko auzitegietatik justizia patriotikoa bultzatzen dute. Esentzialismoari berdin zaio Hispania inoiz lurralde politikoa ez izana, erromatarrek iberiar peninsula beti zenbait probintziatan banandu zutelako, edo XIX. mendera arte espainiar nazio zatiezina bihemisferikoa izana, non haren inperioan eguzkiak sartzerik ez zuen. Baina Aita Marianaren errelato fantastikotik hona, monarkia eta nazio espainiarra elkarturik datoz, eta bere ondorengoengana hedatu behar dena ez da zorroztasun historikoa, mezu patriotikoa baizik: betidanik betiko. Gaztelar hizkuntza, ezpata eta gurutzearekin batera koroa da espainiar nazioaren ikurra, “estatuaren batasunaren eta iraunkortasunaren sinboloa” (art.56.1). Horren atzean dagoen ideologiarentzat, monarkiak argiago ikustarazten ditu heredentzia eta jerarkia. Horregatik, eta betiko espainiari egonkortasuna emateko, nahiago dute estatuaren burutzan familia bat kokatu, eta ez ordea herriari aldiro eta hauteskundeen bitartez aukera eman estatuaren burua hauta dezala. Herria apaltzeko subditoak egokiagoak baitira hiritarrak baino.

Europako konstituzio zenbaitetan intangibilitate klausulak asmatu ziren monarkia debekatzeko: Frantzian, Alemanian, Italian edo Grezian; aldiz Espainian, errepublika ezarri ondoren, bitan berrekarri dute monarkia. Gainera, 1978ko konstituzioan monarkia errepublikara inoiz ez aldatzeko, 168. artikuluan halako erreforma sistema betegaitz egokitu dute. Europaren aldean espainiako monarkiak duen beste berezitasun bat bada diktaduran duela sorburua. Izan ere, Frankok bere ondorengo izateko JC hautatu baitzuen, eta ordainez, JCk, bere ibilkeran frankismoa zuritzeko garrantzia handia izan du; esaterako, inoiz ez du diktadura deitoratu. Frankorik gabe, diktaduraren sostengatzaileak demokraziarekin konponketa politikora heltzeko beharrean zeuden, eta konponketa horretarako babestu zuten JCren antzeko divinisazioa, pontifex maximus bailitzan, sinbolizatzeko frankismoaren eta demokraziaren arteko zubia, eta legalitate bikunaren legitimazioaren jarraipena. Horregatik, erreforma eta ez haustura; eta horrexegatik bermatu zitzaien 40 urteko diktaduraren harginei amnistia. Ez da sorpresarik, gero, egituratu zuten demokrazian desfrankizatu gabeko epai boterearen segida, edo hautes-legearen bidez, hauteslego nazionalista eta konserbatzailenari, Gaztela historikoaren probintzietan barreiaturik dagoenari, parlamentuan suprarrepresentazio bermatu egin diote, nola Senatuan konstituzio erreformarako eta 155 artikuluaren aplikaziorako. Espainiar demokrazia JCrekin uztartzeak, “bere maiestatea” iritzi publikotik blindatzeko beharra ekarri zuen. Trantsizio Dohatsuaren lemazaina, 23-F mirarizko errelatoaren ondoren, bihurtu zuten demokraziaren salbatzaile. Eta iruditeria honi makularik gabe eusteko, opazitateaz blindatu zuten erregearen bizitza. Juridikoki ere, konstituzio santuaren izenean babestu zuten inmunitatez eta inbiolabilitatez. Baina 40 urtez ereduko izan dena, fake handi bat izan omen da, esaterako, bere matrimonio irudigarriaren ordez, hamaika harreman izan omen baititu bizitza disipatuan, edo diru kontuetan, patrimonio tantaia modu irregularrean bildu omen duelako. Eskandaluak eskandalu, bere figura susmagarri eta politikoki perilos bihurtu da. Jada JCk ez dirudi ereduzko errege, ustel figura baino, eta ondorioz, berari loturiko demokrazia imitagarri horrek ere sinesgarritasuna gal lezake.

Iruzurra eta itxurakeria izan baldin badira errege ustel baten ezaugarriak, JCren gainbeherak, kolokan jar lezake 1978ko konstituzioari loturiko errelato loriotsua. Horrexegatik, Monkloa eta Zarzuelatik ahalbideratu dute bere ihes lotsagarria. Baina ustelkeria ez da inoiz persona bakarrena, sistema batek ahalbideratzen duelako, eta JCri uztartzen zaizkion urdintze episodioak espainiar koroaren ohiko pasarte dira. Berria dena, beraz, ez da ustelkeria finantzieroa edo lizunkeria kontuak, Borboiak Borboi direlako, baizik eta, betiko hori errepikatu egin dela soi dissant demokrazia batean, XX eta XXI. mendean, Varennes/Bahrein moduko ihesa bermatzeraino. Franko hil zorianzegoelarik, JCren lehen biziko erabaki autonomoa, estatuburu legez, izan zen Mendebaldeko Sahara Marokoko erregeari saltzea, JCk izenpetu baitzituen Espainiaren izenean 1975eko Madrilgo akordioak, gero Hagako Auzitegiak nazioarteko KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILAK (HIZKUNTZA POLITIKARAKO SAILBURUORDETZAK) DIRUZ LAGUNDUA NOTICIAS DE GIPUZKOA >> Dirección: Avda. de Tolosa, 23. 20018 Donostia. >> Correo: cartas@noticiasdegipuzkoa.eus zuzenbidearen kontrakotzat jo zituenak. Horrelako infamia politiko batekin hasi zen bere ibilkera kamuts eta herrena, zeinek aukera eman dion fortuna handia patrikatzeko Golfoko satrapekin bilbatuko hartuemanen bitartez. Urte luzeetan alegiazko irudia zabaltzen aritu diren kazetariek erantzunkizun handiena dute errelato fantastiko bezain faltsua hedatzeagatik, baina Gorteko garro luzeak Madriletik harago doaz. Ezen zenbat aldiz ez al diote gurean aurreskua dantzatu edo ez ote dute Bartzelonako Lizeoan txalotu? Ustelkeria justifikatzeko, JC oso figura egokia izan da, ezen estatuburua korruptua bada, zergaitik ez koroaren lagundia, ehizaldi zein belaontziko kideak ezezik, hiritar xumeak ere?

Ikusteke dago zer ondorio ekarriko duen Suitzan ireki duten ikerketak. Urte luzeetan JC izenarekin bataiatu dute hainbat kale, hospital, errepide, eta mota askotako eraikin, baita ikastetxe edo unibertsitaterik ere. Baina apaingarria zena orban bilakatu da, eta izendegian atzera egiteak lausotu egingo luke iragan politikoaren memoria ere. Beraz, 78ko erregimenaren kapitain jenerala eta ikurra zenaren demolizioan oso tentuz ibiliko dira.