tsai berri bat du munduak. Etsai berri bat du jendarteak. Etsai berri bat du ekonomiak. Etsai berri bat dugu guztiok. Etsai berri bat agertu zaigu leize sakon eta ilunetatik gu izutu eta akabatzeko, asmo ankerrez beterik, gupidagabe. Etsai berria ez da, gainera, izaki bakar bat, milaka, zer diot, milioika gizakiz dago osatuta. Etsai berri hori pentsiodunak dira.

Ekonomialariak (neoliberalak eta klasikoak, noski, baina baita sozialdemokrata adjektiboa lotsarik gabe oraindik erabiltzen dutenak), iri-tzi-emaileak, kazetariak, politikariak, tabernetan ondoko mahaian aritzen diren jakintsuak, unibertsitate-irakasleak, enpresariak, bankuen jabeak eta abar egunero ditugu lelo bera errepikatzen: ezinezkoa da pentsioei inflazioaren araberako igoera ezartzea, legeak dioena gorabehera; kasurik onenean azpiko inflazioa erabil daiteke, eta hori ere ikusteko dago; munduaren, jendartearen eta ekonomiaren akabera izango litzateke hori, apokalipsia.

Moderatuenek, nolabait esateko, pentsio txikien igoeratxoa onartuko lukete modan jarri den "errenta ituna" delakoaren barruan; "errenta ituna" da, bide batez, azken animalia mitologikoa, buruan langileen soldaten ez-igoera duena, eta buztanean (barrerik ez, mesedez) enpresarien etekinen murrizketa.

Pentsioetan diru gehiegi xahutzen delako ideia hori barneratzen ari gara apurka-apurka modu gordinagoan edo moderatuagoan, eta erretiro-sariak eta gainerakoak inflazioarekin lotzen dituen lege hori gainditu beharra dagoela ez du jadanik eskuinak soilik aldarrikatzen. Hurrengo hilabeteotan argudioak gero eta maizago entzungo ditugu, gero eta era sofistikatuagoan, eta lanean dagoen jendearen eta gazteen antsietatearekin jolas arriskutsuan sartuko gara elkartasunaren izenean ezinbestean. Askotan agertuko zaigu hedabideetan Espainiako Bankuko Gobernadorea, eta ez bere soldataz hitz egiteko.

Erronka izugarria dauka aurrean pentsiodunen mugimenduak; txalotua eta miretsia izatetik gorrotatua izatera pasa daiteke azkar. Munduak, edo jendarteak, edo ekonomiak pagaburu berriak behar ditu. l