Zirrikituetatik begira

Panem et circenses

01.06.2022 | 00:59
Panem et circenses

Aitortu behar dut Santiago Niño Becerra ekonomialariak esan eta idazten dituenak kontuan hartzeko joera izan dudala beti izenagatik bakarrik. Zutabe hau irakurtzeari utzi ahal diozue oraintxe bertan horrelako irizpide azalekoa erabiltzeagatik. Ulertzekoa da. Izen bitxiko ekonomialariak liburu berri bat idatzi du, Futuro, ¿qué futuro?, eta izenburuak punk haren No Future ekarri didanez gogora (beste irizpide azaleko bat), arretaz segitu dut Niño Becerraren hipotesia. Krisia aztertzean erakusten duen ikuspuntua ez da oso baikorra, krisia orokorra eta epe luzekoa izango baita haren ustez: energiaren garestitzea, zor publikoa, teknologiak ekarriko digun lanpostuen beherakada, lanpostu horien prekarizazioa, estatuen gainbehera, enpresa handien botere gero eta handiagoa, indibidualismoa, desberdintasun gero eta gordinagoak, kontrol sozial gero eta sofistikatuagoa... Deigarriena zera iruditu zait, bake soziala mantentzeko sistemak abian jarriko duen "trinomio soziala" deitzen duena: oinarrizko errenta unibertsala, marihuanaren legezta-tzea eta doako aisia.

Errentarena oso eztabaidatua izan zen hasieran, baina gaur egun posibleago ikusten da, esperientziak egon dira hortik eta, zailtasunak zailtasun (ez dut uste Iberdrolako presidenteak gutxieneko errenta behar duenik, adibidez), pentsatzen dugun baino gertuago izan dezakegu, Niño Becerraren ustez. Marihuana legezkoa da Estatu Batuetako estatu askotan, zerga biltzaile ederra izan daiteke eta, beste gauza askorekin, jendea lasaitzeko modu bat; dena den, ez dakit traba moralak handiegiak diren oraindik. Doako aisiarena hementxe bertan dugu: botere publikoek etengabe antolatzen dizkigute Erdi Aroko merkatuak, argi ikuskizunak eta gu entretenituta egoteko hamaika dibertimendu debaldeko.

Trinomioarena irakurri bitartean, berehala etorri zitzaidan burura erromatarren panem et circenses hura (ogia eta ikuskizunak), bake soziala ziurtatu eta eskubide politikoak ahaztarazteko zeukaten modua, Juvenalek salatu zuen bezala. Niño Becerrarena ez dirudi burugabekeria, ezta oso gauza berria ere. l

noticias de noticiasdegipuzkoa