Galiziako presidenteak edo Sanxenxoko alkateak, ez dakit zeinek, esan zuen Espainiako errege zaharrak Galizia mapan jarri duela. Esaldia hitzez hitz ulertzeko lehen bultzada gaindituta, une batez pentsatu nuen Galizia lurren eta uren nahas-mahas hutsa zela, konturatu nintzen mapan jartzearena politikariek usu erabiltzen dituzten esamolde higatu horietako bat zela besterik ez, eta galiziarrek ez dutela inoren beharra mapan egoteko. Ez dakit politikariren batek esan duen errege zahar arlotearen bisitak lanpostuak sortu dituela Galizian, baina ez nintzateke gehiegi harrituko horrelakorik irakurriko banu hortik. Politikariek esamolde zentzugabeak erabiltzeko duten erraztasuna gaindiezina da.Mapan jartzearena askotan, gainera, ez da onuragarriegia, ezbeharrak baitira lekuak mapan jartzeko ohitura dutenak. Bestela galdetu Ukrainako jendeari, ziur naiz herrialdea mapatik kanpo ikustea nahiago zutela bertakoek. Jakina, ezbeharrak edo gerrak ez dira beti leku bat mapan jartzeko bermea: galdetu Yemengo jendeari, beti egon dira mapatik kanpo, salbu eta modan jarri zenean mendebaldeko turisten artean, eta orain inoiz baino mapatik kanpoago daude.

Turista gehiegi duten lekuek ere mapatik apur bat kanpo egotearekin amets egingo dute. Beste leku batzuek, aldiz, mapan egotearekin amets egingo dute, ea norbait gogoratzen den mapako baztertxo horretan eskola publikoa eta osasun zentroa jarri behar dutela. Oraintxe bertan Amurrioko eskola publikoari mapan gehiago egotea gustatuko litzaioke, adibidez.

Google Maps horretan ere leku batzuk mapetan jarriago daude besteak baino; herrialde batzuk oso ondo marraztuta daude, mugak argi eta garbi gorriz markaturik, beste batzuek, ordea, hor nonbait daude lauso kokaturik muga zehatzik gabe. Google Maps-ek ez du istilurik nahi.

Mundua Gasteiz deitzen den lekuan bizi naiz (Celso Emilio Ferreiro poeta galiziarrak esango lukeen bezala), eta ez dakit mapan ondo jarrita gauden edo ez, baina alkategai batek hiria mapan jarri behar dela esango balu, beldurtuko nintzateke zinez.