skuin edo eskuin muturreko alderdi bateko kide bat, gizonezkoa, harrapatu dutela gay orgia batean? Noizkoa da albiste hori? Orain dela berrogei urtekoa, hogei, hamar, bost? Pasa den astekoa? Gaurkoa?

Déjà-vu sentsazioa izan nuen jakitean Jószef Szájer politikari hungariarra, Fidesz alderdi eskuin muturrekoa, Bruselan harrapatu zutela gay festa bero batean. Ez nioke nik ukatuko Szájer jaunari edozein orgiatan parte hartzeko eskubidea, jakina, baina, balio kristau tradizionalen arabera, LGBTQ jendearen eskubideak murriztu eta oztopa-tzen ibiltzen dena (berak idatzi zuen Hungariako konstituzioan ezkontzarena) prest egongo beharko litzateke ondorio desatseginak bizitzeko. Szájer jaunak alderdia utzi zuen orgiarena plazara atera baino lehenago, nekatuta zegoela argudiatuz (egia izan daitekeena, orgiek asko nekatzen baitute), baina poliziak hainbat delitu leporatu dizkio: drogak edukitzea eta COVID-19aren aurkako neurriak ez jarraitzea. Orgiak ez dira delitu, ez.

Szájer jaunak ihes egin nahi izan zuen polizia etxera sartzen ikusi zuenean eta hoditeria erabili zuen; alferrik, polizia zain zuen kalean, eskuetan urratuak baino ez zituen lortu. Gaur egun hoditeria horretan, horma horretan (rue des Pierres) kartel bat dago hungarieraz eta ingelesez eskuin muturreko politikariaren balentriak gogoratzeko. Agian hau irakurtzen ari zaretenean Hungariako gobernuak edo zerbitzu sekretuek kendu dute; agian ez, eskuin muturra hipokrita eta zinikoa da, baita ankerra ere.

Erroman Laika izeneko kale-artistak kartel handi bat jarri du Szájer gay ikono berri moduan irudikatuz, gay.it webgunean ikus dezakezue. Webgunean bertan irakurriko duzue orgia hartan Poloniako eta Ukrainako politikari homofoboak ere ibili zirela, badirudi eskuin muturreko erretolika homofoboa berehala ahazten zaiela Mendebaldeko Europa ustelduan. Bide batez, esaten denaren kontra Brusela beti iruditu zait oso hiri dibertigarria.

Jószef Szájer ez da azkena izango. Laster izango dugu beste homofobo baten gay-ibilaldien berri, politikari izan, epaile edo apezpiku.