z dut uste inoiz aski goratuko dugunik euskaraz ikasteko erabakia hartzen dutenen jarrera, ahalegina hizkuntza menderatu arte luza-tzen dutenena bereziki. Gertuagokoak ditugu, noski, urrats hori herriarekiko eta hiztunekiko begirunez egin dutenak, baina, beste maila batean bada ere, lan-premiak estuturik egin dutenengana hedatu nahi dut aitortza. Hobe horiek, ezetzean gotorturik, lorrintze kanpainetara eta euskararen aurkako aktibismora jo dutenak baino -derrigorrez ikasten hasi direnen artean azken hauetarikoak badirela jakinik ere-. Euskaltegietako irakasleek berehala ematen diote tankera, nor den herriarekiko eta hizkuntzarekiko jakin-min eta atxikimenduz datorrena eta nor derrigorturik eta gogo txarrez.

Irudipena dut azken talde horretako ba-tzuk badirela azkenaldian hedabideetan tarteka entzuten ditugunen artean, eta halere, ez dakit ez ote ditudan horiek nahiago aktiboki zabar dihardutenak baino. Beraiei kortseak lehertzen ari direla irudituko zaie, formalkeriak hausten, hizketa freskoa eta naturala erabiltzen. Lehengoan sumatu nuen halatsuko kolaboratzaile bat. Hiruzpalau esaldiz behin resulta que hasten zen, eta etengabeko makulu zituen es que, ya que, o sea que, porque, por si acaso, ya que estamos... Aditza, sintaxia eta joskera beste baterako utziko ditugu.

Makulu fisikoekin dabilenak izaten du bere herrenaren kontzientzia, aldakako artrosiarena, belauneko artritisarena. Makuluak hizketarako darabiltzaten asko, ostera, inor baino arinago eta naturalago mintzo direlakoan aritzen dira, euskara egokiaren kontzeptua eteteraino bihurrituz; gogoetaren bahetik pasa gabe askotan, gutxieneko gaitasunera hurbildu ere egin gabe gehiegitan. Holaxe kontuak.