Amaitu da filma. Txaloak. Txalo zaparradarik ez, baina txaloak. Esker onezkoak agian. Izan ere, on/txar sailkapenaz harago, Non dago Mikel? beharrezko filma da. Gogoa ilun eta gorputza nahasita uzten du, baina ezinbesteko dokumentala da. Ezinbesteko kontakizun bat ezinbestean argitu beharreko krimen bati buruz. Mikel Zabaltzaren hilketa ez du inork bere gain hartu; sasoi betean atxilotu eta hilik entregatu zutenen istorioak "baliozkoa" izaten segitzen du.

Ion Arretxeren kontakizuna erdiragarria da, lazgarria, izugarria. Guztiz sinesgarria dela esatea gutxiegi esatea da; ezinezkoa da ez sinestea. Kolpeak, plastikozko poltsa buruan, ito-pasarak bainuontzian, tortura-gelen deskribapena, torturatzaileengan sentiberatasun izpirik ez sumatzea... dena da errealismoz betea. Mikelen amaren lekukotasunak ere gaitzeko indarra du. Bare bezain tinko uka-tzen du semea etakidea zela, patxadaz baina adorez galdatzen egia. Halakorik erdietsi gabe hil zen, baita Ion Arretxe bera eta Mikelen neskalagun Idoia Aierbe ere.

Galindoren izena agertzen da kontakizunean "barrabilak bihurritu zizkidan" dio Arretxek­, eta Barrionuevo, Barne ministro zela Markos Bizkaia diputatuaren galderei zinismo beldurgarriz erantzuten. Galindo eta Barrionuevo, biak terroristak, baina haien zikoizkeria bezain mingarri gertatu zitzaidan Alfonso Guerraren irri murritza, Barne ministroaren adierazpen iraingarriak buruaz onetsiz. Guerrak, hark irudikatzen duenak, irriz segitzen du.

Asteon PSOEk uko egin dio Zabaltza kasua argitzeari. "Zertarako nahasi iragana?" mezua hedatu dute finean. Beste batzuek, aldiz, frankistek kuneta-zuloetan lurperatutakoak utzi nahi dituzte iraganaren lausotan; edo ETAren argitu gabeko hilketak sutautsetan. Egunen batean ohartuko gara, menturaz, lainoak eta keak ihes egiteko duten zirrikitu beretik sartu behar duela egiak.