aur, ordea, nire indarraz fidatzen naiz. Bakarrik nago eta nire indarraz fidatzen naiz. Errespetu handiagoz entzun beharko nioke neure buruari". Alejandra Pizarnik idazle argentinarraren hitzak dira eta, besteak beste, autoestimua dute hizpide, bakoitzak bere buruari nola begiratzen dion, geure barneari nola entzuten diogun, edo benetan entzuten diogun... Pizarnikek dionez, errespetu handiagoz entzun beharko genioke bakoitzak geure buruari. Ados nago, izan ere, euren burua ezagutzeaz larregi liluratuta daudenak kenduta, uste dut pertsona gehienok gure gaitasun asko gutxiesteko joera dugula, eta askotan gehiago ikusten dugula falta zaigun guzti hori daukaguna baino. Alegia, geure barneko botila erdi hutsa ikusten dugula askotan.

Hala ere, batzuetan gertatzen da, guk geure balioak ikusi ez arren, kanpoko batek ikustea, beste batzuek estimatzea guk balora-tzen ez duguna. Hori ez dugu beti ikusten, besteengan eragiten duguna, eta ahalegin hori ere egin beharko genuke, askotan, konturatu gabe bada ere, ezinezkoa dirudien zerbait egiten dugulako: ez daukaguna ematea. Ahaztu egiten dugu zoriontsua ez den pertsona batek, adibidez, beste pertsona bati zoriontasuna eman diezaiokela; zaindua ez den pertsona batek, ondoan duena zaindu dezakeela; bere burua baloratzen ez duen pertsona batek, bere inguruan miresmena sor dezakeela konturatu gabe bada ere... Ez gara ohar-tzen kapaz garela guk ez daukaguna ere emateko, ez daukagun hori ere eman dezakegula.

Beraz, agian, duguna eta falta zaigunaren kontaketa egiten dugunean, ahalegindu gaitezke, gure barnera ez ezik, gainerako pertsonengan dugun eraginari ere begira-tzeko. Agian haien begien distiran aurkitu dezakegu ustez falta zitzaiguna. Pizarnikek dionean geure buruari errespetu handiagoz entzun beharko geniokeela hori ere esaten ari da: ez dugula bakarrik daukagunari begiratu behar, besteengan eragiten dugunari ere bai, hori ere badelako gurea. Askotan beste pertsona batzuen barruan gordetzen baitugu ustez falta zitzaiguna.