ire laguna lur jota dago. Bizitzan beti erabaki okerrak hartu dituela dio. Beti erabaki duela gaizki. Ez naiz ausartzen egian esaten. Erantzun diot lasai egoteko, aurrerantzean ziur gauzak aldatuko direla... baina benetan pentsatzen dut arrazoia duela, beti erabaki duela gaizki. Zergatik? Ba asko maite badut ere, iruditzen zaidalako beti hartu dituela erabakiak harrokeriatik eta besteak nolabait gainditu nahi izatetik. Harrokeria, lehia eta ez dena izan nahi izatea izan dira bere erabakien osagaietako batzuk bizitzan. Esan egin beharko nioke. Agian bigarren garagardoa eskatzen dugunean.

Hasteko, esango diot duela gutxi Luis Landeroren El huerto de Emerson irakurri dudala eta, beste gauza askoren artean, Landerok ideia baliotsu bat oparitzen digula liburu honetan: gutako bakoitzak gure baratzea lantzearen garrantzia. Horrek esan nahi du pertsona bakoitzak bizitzan egin dezakeen gauzarik onena bere ortu txikitik bere onena ateratzen saia-tzea dela. Alferrik dela ez garena izateko ba-tzuetan egiten dugun ahalegina, edo ez daukaguna kosta ahala kosta edukitzeko dugun grina, edo besteek dutenari beti begiratzeko joera. Hori erabaki txarren bidea da.

Zalantza bizitzaren elementu garrantzitsu bat da, eta ez dugu beti asmatzen erabaki behar dugunean, bidegurutze batera iristen garenean. Baina uste dut zein bide aukeratu behar dugun ez dakigunean, lagungarria izan daitekeela pentsatzea gure baratze txikian: zer nolakoa den, zein fruitu eman ditzakeen, nola zaindu dezakegun hobeto...

Orain nik ere zalantza izan dut, lagunari egia esan ala ez. Baina azkenean esatea erabaki dut. Izan ere, nire baratze txikia zaintzeko modu bat hurbileko pertsonak zaintzea ere bada. Eta kasu honetan bere baratzean hazi diren belar txarrak ikusarazten lagundu behar diot lagunari. Batzuetan norberak ikusi ezin dituenak lagunek ikusi dezaketelako errazago kanpotik. Bai, esango diot. Bigarren garagardoa eskatzen nagoen bitartean, hitzak prestatzen ari naiz.