Boteprontoan

Maskara

22.05.2020 | 01:15

Denok kaletik maskara jantzita ibili beharko dugula erabaki dute. Kontua berria balitz bezala. Bai, egia da orain ageriago daudela. Birusa gurekin bizi denetik erabiltzen hasitako maskara hauek urrutitik ikusten dira eta aurretik eramaten genituenak ez ziren ikusten asko gerturatu ezean, eta batzuetan horrela ere ez. Maskara hauek betaurrekoak lurrunez betetzen dizkigute eta aurrekoek ez. Baina maskara jantzita ibiltzea ez da, ez, gauza berria inorentzat, guztiok daramagu eta maskara egunero, aspalditik.

Langile eraginkorraren maskara janzten dugu lantokian, ama edo aita zaintzaile arduratsuarena umeekin gaudenean, gure maskara sexyena erakusten diogu maitaleari, maskara intelektualena ateratzen dugu hitzaldi batera goazenean edo museoa bisitatzen dugunean, gazte maskara zenbait kontzertutara goazenean€ Hainbeste maskara erabili ditugu, jada ez dakigu zein den gure benetako aurpegia, jada ez dakigu ziur nor garen.

Maskara fisiko hauek erabiltzeak izango du ondorioren bat gure benetako aurpegiaren bilaketa horretan. Izan ere, maskara soinean dugula baliatuz, agian erlaxatu egingo dira aurretik erabiltzen genituen beste maskarak. Jada ez dugu interesdun aurpegia jarri beharko hizlari baten aurrean, jada ez dugu zertan aharrausia disimulatu beharko norbaiten bakarrizketarekin, jada ez dugu ezkutatu beharko gure harridura, ahoa zabaldu ahalko dugu inor enteratu gabe zerbaitek edo norbaitek harritzen gaituenean.

Agian maskararen erabilerarekin batera, pandemia honek gure gizartean eta gutariko bakoitzaren bizitzan eragin duena eragingo du: biluztuko gaitu. Eta etxean egondako egun hauetan gure burua ia orraztu gabe, makilatu gabe, kalerako prestatu gabe ikustean gertatu zaigun bezala, ispilu aurreko irudi horretan agian aurkituko dugu geure burua, benetakoa, besteei ez ezik, norberari ere hainbeste aldiz ezkutatzen dioguna.

Maskara berria jantzi, maskara zahar guztiak gainetik kentzeko. Aurrean datorkigun garai berri honetan egin beharreko zereginetako bat, agian.