Ebaki bat eskatu duzu, eta berriro ere kafesne txiki bat atera dizute. Ez zaizu gustatzen, esnea gorroto duzu, zure kafean esne hodei bat baino ez duzu onartzen, baina, hala ere, ebakia hartu duzu, eta tabernatik atera zara esnea zure urdailean iraultzen dela sentituz. Larria sentitu duzu. Gaizki sentitu zara. Eta haserretu egin zara. Zerbitzariarekin haserretu zara (egia esateko, munduarekin) baina benetan zeure buruarekin haserretu beharko zenuke, ez duzulako ausardiarik izan esateko ez duzula kafesnea eskatu, esnearekin ebakitako kafe bat baizik. Ebaki bat, izenak berak dion bezala. Bihar beste taberna batera joango zara, eta ebakiaren ordez beste kafesne txiki bat zerbitzatzen badizute, berriro irentsiko duzu? Eskatu ez duzuna onartzen. Entrenatuta zaude egiten, beraz, ziurrenez berriz irentsiko duzu. Ohituta zaude gustuko ez dituzun gauzak irensten, edo, hobeto esanda, eskatu ez dituzun gauzak onartzen. Esperientzia handia duzu, adibidez, errukia onartzen animoak eskatzen zenituenean, piropo bat onartzen benetan aitortza eskatzen zenuenean, adiskidetasuna onartzen maitasuna eskatzen zenuenean, axolagabetasuna onar-tzen esker ona espero zenuenean Benetan nahi duzuna behin eta berriz eskatu beharrean, irentsi egin duzu beti eman dizutena. Eta zeure buruari galdetzen diozu ea merezi duen tematzea. Norbaiti berengandik nahi duzuna behin eta berriz eskatzea, zer eska-tzen duzun axola ez bazaio, eskatzen duzuna entzuten ere ez badu. Eskatzen diozuna eman beharrean, eman nahi dizun hori bakarrik eskaintzen dizunean. Zerbitzari horrek egin duen bezala. Ebakia zer den ulertzen ez duen zerbitzari horrek. Agian bihar bertan bere tabernara itzuliko zara eta ebakia eskatu beharrean kafe hutsa eskatuko diozu, eta kikara zure aurrean jar-tzen duenean esango diozu ea esne tanta bat bota ahal dizun. Agian estrategia aldatzean dago gakoa. Nahi duzuna zuzenean ez eska-tzea izan daiteke agian irtenbidea. Adiskidetasuna nahi duzula ikusaraztea, benetan maitasuna nahi duzunean; piropo baten bila zabiltzala erakustea, benetan errekonozimendua nahi duzunean.