Orain dela bi urte, 2018ko urtarrilaren 15ean, astelehenarekin, bildu ziren lehen aldiz Bilbon erretiratuak eta pentsiodunak urte hartan izan zuten igoera barregarriaren aurka (0,25 ospetsu hura) protesta egiteko. Geroztik hona, astelehenero, edo ia astelehenero, bildu dira eta ez bakarrik Bilbon, mugimendua hiri askotara hedatu baitzen berehala. Ehun astelehen baino gehiago eman dute Bilboko pentsiodunek, elkarrekin, nekaezin eta eredugarri, eskaera berberak egiteko: pentsio sistema publiko duina ziurtatu, urteroko igoera Kontsumo Prezioen Indizearen arabera kalkulatu eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan finkatu.

Arazoaz arduratzen den ministro berria dago Espainiako Gobernuan eta ikusteko dago zer gertatuko den, batzuek ministro berriaren iraganean itzal asko ikusten dituztelako. Bestalde, ez da ahantzi behar (behin-tzat nik oso-oso presente dut) erretiroen azken erreforma, beste neurri batzuekin batera erretiro adina 2027. urterako progresiboki 67 urte arte atzeratzen duena, 2011koa dela Zapatero presidentea zelarik. Rajoyk gehiago estutu zuen kontua 2013an.

Iparraldean eta Frantzian hilabete bat baino gehiago daramate grebaz greba gauzatu nahi duten erreforma dela eta (erretreta hartzeko 64 urte ezarri nahi dute erreferentzia bezala); mobilizazioak daude aste honetan bertan gobernuak, sindikatu erreformistarekin dituen negoziazioetan, erreformaren puntu batzuk (64 urtekoa) aztertzeko asmoa azaldu badu ere; gainerako sindikatuak, handienak, ez dira fio.

"Ai, Frantzian bezala egingo bagenu", kexa-tzen dira batzuk. "Ai, erretiratuek bezala egingo bagenu", nahigabetzen dira beste ba-tzuk. Nork pentsatu du erraza izango zela?

Baina hasteko badago egin dezakegun oso gauza erraz bat, guztion eskura dagoena, gure artean zabaldu den gezur edo fake handiena, lotsagarriena, dirurik ez dagoela behin eta berriro errepikatzen duena, ez sinistea. Bai, jakina, dirua dago; erositako sasiaditu horiek guztiek kontrakoa azaltzen dutenean, ozen erantzun behar diegu gezurretan ari direla. Dirua badago; zertarako, baina?