Olazabalgo Salbatore Deunaren elizak, harri zaharrez jantzitako hormen babesean, milurtekoaren historia hartu du gaur bere baitan. Duela hamar mende Ipuscua izena lehen aldiz idatziz agertu zen tokian, Gipuzkoako Batzar Nagusiek ezohiko osoko bilkura berezia egin dute gaur, gure lurraldearen izenaren lehen aztarna historikoa oroituz.
Ekitaldian Gipuzkoako 50 alkate eta alkatesa, baita Euskal Herriko eta Nafarroako hainbat ordezkari politiko garrantzitsu ere bildu dira. Lehendakaria, Imanol Pradales, Gipuzkoako diputatu nagusia, Eider Mendoza, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, Xabier Ezeizabarrena, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Bakartxo Tejería, Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria, Irma Basterra, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Ana Otadui, Iruñeko alkatea, Joseba Asiron eta Nafarroako Parlamentuko presidentea, Unai Hualde, besteak beste.
Ezohiko bilkura aurreskuarekin hasi da, Altzoko alkateak, Xabier Olanok, Imanol Pradales lehendakariari herriko aginte makila eskaini ondoren. Jarraian, biok, Mendoza eta Ezeizabarrenarekin batera, Gipuzkoa Batzar Nagusietako Ohorezko Liburua sinatu dute, Ipuscua hitza idatzi zen toki berean, 1025 urtean Olazabalgo monasterioa zegoen lekuan, alegia, gaur egungo elizaren teilatupean.
Ospakizuna bere herrian egiten horren “sinbolikoa” zergatik izan den aipatu du Altzoko alkate den Olanok: “Antxo III.aren aurrean egindako dohaintza latinez idatzita bazegoen ere, Ugarte, Elkano, Iturriotz eta Olazabal bezalako euskal izenak azaltzen dira. Horrek argi erakusten du garai hartan inguruan bizi zirenek euskaraz bizi eta pentsatzen zutela.”
Mendozak ere, hasiera hasieratik nabarmendu nahi izan du ospakizunaren zentzua: “Atzo Donostian etorkizunaren teknologia jarri genuen martxan super-ordenagailu kuantiko batekin. Gaur, aldiz, gure sustraien tokian gaude, Altzon. Iragana, oraina eta etorkizuna lotzen dituzten lokarriak oso sendoak dira Gipuzkoan.”
Pradalesek hitza hartu duenean, gure herriaren bidea “ez dela beti samurra izan” azpimarratu nahi izan du. “Gure historia argiz eta itzalez josia dago, baina gure herria beti egon da argiaren alde” gehitu du. Iragana eta orainaren arteko alderaketa eginez, “gure aurrekoek demokraziari buruz hitz egiten ez bazuten ere, pertsonen duintasuna eta berdintasuna defendatzen jakin zutela” azaldu du, baita “politika linguistikoaz hitz egiten ez arren, gure hizkuntza historiaren zurrunbiloaren aurka defendatzen jakin zutela” ere. “Gaur, gu gara haien ahotsa”.
Hausnarketa berearekin jarraituz, Mendozak azaldu du, “zarata handirik gabe, gure modura, sustraiak ezagutzeko eta ospatzeko garaia” dela gaurkoa. Gipuzkoarron balioei, usadioak, kultura, hizkuntza, erakunde propioak… balioan jartzeko “topaguneak eta bilkurak” behar direla uste du. Eta horixe izan da, neurri batean, gaur Altzon bizi izandakoaren muina. Elkartasuna, euskara eta komunitatearen zentzua.
Euskara
Ekitaldiak aurrera egin ahala, Ezeizabarrenak hartu du hitza, eta euskararen inguruko hausnarketa egin du. “Euskara da gure historia bizia. Koldo Mitxelenak esan zuen moduan, herri hau existitzen bada, hizkuntzari esker da. XXI. mendean lehentasun politikoa da hizkuntza biziberritzea eta herritar guztiek euskaraz bizitzeko aukera izatea.” Mitxelenaren hitzek iraganetik etorkizunerako zubia eraiki dute Ezeizabarrenaren ustetan, eta identitatea ez dela globalizazioaren etsai “ohartarazi” nahi izan du. “Gure balioetan oinarritutako nortasuna behar dugu, orain dela mila urtetik hona, gu batu eta mundura ireki gaituena.”
Etorkizunari begira, Mendozak mezu argia zabaldu nahi izan die ekitaldira gerturatu direnei: “Baginen, bagara eta, balio horiei eusten badiegu, izango gara.” Ildo beretik, “populismoaren eta indarkeriaren aurrean, gure herriaren askatasuna eta instituzioen duintasuna zabaldu” behar direla azaldu du Ezeizabarrenak, esanez, gipuzkoar eta euskal gizartea etorkizunean gidatuko duena, hain zuzen ere, Gipuzkoa eta Euskadi “maitatzea” izango dela.
Amaieran, ekitaldiko parte-hartzaile guztiek 1025eko legatuaren kopia jaso dute, eguna gogoangarri horren oroigarri.