Zirrikituetatik begira

Arrimadasen fantasiak

18.12.2019 | 11:22

Aitortu behar dizuet politika kontuetatik urruti ibili naizela azken asteotan: politikak (politika instituzionalak, zehaztu beharko nuke beharbada) beti egiten duen entegabeko hondo-zarata entzuten banuen ere, baziren inguruan atseginagoak zitzaizkidan zaratak, hotsak eta doinuak, belarriak eztitzeko argi gailentzen zirenak. Baina pasa den astelehenean bertan erabaki nuen belarri-begiak ireki eta nire buru osoa hedabideetako politika orrialdeetan murgildu behar nuela itsasoan bezala.

Emaitzak bitxiak izan dira. Carles Puigdemontek Belgikako ez dakit zein epaitegitan epaia izan du eta betiko moduan libre atera da, afera ez dakit zenbat hilabete atzeratu delarik berriro ere. Hara, pentsatu dut, betikoa, pozik ibiliko dira Espainiako Erresuman. Badira, baina, gauza berriak: Elkarrekin Podemosek onartu ditu Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak 2020. urterako; denbora apur bat eman dut barne eztabaidaren berri izateko, koalizioko talde guztiak ez baitzeuden ados erabakiarekin. O tempora o mores, pentsatu dut, zerua gero eta urrutiago dago.

Beste zenbait albisterekin harritu naiz gehiago edo gutxiago, baina nire arreta guztia bereganatu duena Inés Arrimadasen agerraldia izan da, Pedro Sánchezekin bilera izan ondoren. Politikariak mundu errealetik aldendurik bizi direla esaten da askotan, Arrimadas andrearen hitzek topiko hori egiaztatzen dute: ez al da konturatzen 221 kongresukideren laguntza izango lukeen balizko gobernuaz hitz egiten duenean, guztiok pentsatzen dugula gobernu bera izango litzatekeela posible 211 kongresukiderekin, hau da, Ciudadanosek dituen 10 horiek gabe? Ez dabilkio ondo sakelakoan duen kalkulagailua? Sudur-tente jartzen da, konstituzionalista berbarekin betetzen zaio ahoa, hizkera zakar, baina benetan berak eta bere alderdiak izan dezaketen eragina irrigarria denez, ezin irrigarriago geratzen da fantasia horiei heltzen dienean. Gustatuko li-tzaioke agian Arrimadasi bitartekari izatea? Ez dut nik zubiak eraikitzen ikusten, beti harro, beti purrustada, beti desaire, beti "oilasko". Gainbehera baino ez diogu ikusiko Arrimadas andreari.