aniztasuna eta irekiera kontzeptuak, beste zenbaitekin bezala (askatasuna barne), aniztasuna bera zer den oso ondo zehazten eta mugatzen zaigunean onartzen dugu, hau da, lau hormen barnean. Kontraesankorra badirudi ere, aniztasunen artean ere klaseak eta klaseak bereizten ditugu. Badira gai batzuk zeinetan edo zeintzuekin ulerkorragoak izan gaitezkeen beste ba-tzuekin baino, edo beste hitz batzuekin esanda, gai batzuk, zeintzuentzako aniztasunaren kontzeptua hertsiagoa den beste batzuentzako baino.

Azalduko dut. Atzean utzi berri dugun aste honetan, Greta Thunberg izkina guztietatik kritikatua izan da. Arrazoi eta argumentu asko erabili dira suediarra gutxiesteko. Erabilitako arrazoien artean, bat, aberaskumea izatearena; eta bere agerpenetako batera Monakoko familiaren belauntzian joan izanak sareak sutu ditu. Argudio gehiago ere azaleratu diren arren, azken honekin geratzen naiz ni. Ez da ohikoa neska gazte bat halako irudi edo argazki batekin erkatzea. Bestelako interesak egon litezke atzean. Ados. Baina garrantzitsua dena ez al da berak dioena eta nola dioen? Norenganaino heltzeko ahalmena duen? Ezin al da onartu edo ulertu, egiteko modu bat baino gehiago egon litezkeela? Edo Gretarenaren an-tzeko aldarrikepenak egiteko modu bat eta bakarra dago zehaztuta eta horri atxikitu behar gatzaizkio, bai edo bai?

Bestelako kritiken jomuga izan da, baita ere, partida baten ondoren, etxera buelta-tzeko bizikleta hartu zuen Athletic-eko futbolaria. Futbolariek irabazten duten beste diru irabazita, etxera bizikletaz? Nori otutzen?

Bada, bai, horrelakoak gara. Iritzi askatasuna bultzatu nahi dugu, ikuspegi irekiera, errespetua eta aniztasuna aldarrikatu, klima aldaketaren aurrean eraginkorrak izan, kontsumismoari aurre egin, ohitura osasungarriak sustatu, eta esaldia amaierarik gabe luzatuko litzaiguke? baina, beti ere, lau hormen artean. Aniztasuna eta askatasuna ere, batzuen ikuspegitik eta beraiek zehaztutako mugen artean uler-tzen ditugun bitartean.