Diotenez, hiru edo lau urte bete arte geure buruari erreparatu gabe bizi gara. Hortik aurrera, nolabait, geure buruaren ikusle izaten hasten gara. Gure mugimenduak ispilu batean bezala ikusten goazen heinean, hasten gara egiten duguna aztertzen, kritikatzen, goraipatzen... Gure bizitzako epaile bihurtzen gara. Zer gertatuko litzateke horrela ez balitz? Gure jokabidea hainbeste aztertu gabe biziko bagina, naturalki jokatuz, etengabe geure burua epaitu gabe? Libreagoak izango ginateke dudarik gabe, muga gutxiago izango genituzke: txiste hori kontatuko genuke, entseatu gabe daukaguna, grazia egingo duen jakin gabe; besteei pentsatzen duguna esateko ausardia gehiago izango genuke, haien erreakzioen beldur gutxiago izango genuke... Hitz batean, askeago izango ginateke. Eta, gauza guztietan bezala, generoak desberdintasunak markatzen ditu hemen ere, emakumeek gizonek baino intentsitate handiagoz ikasi baitute euren burua kanpotik begiratzen, eta, hala, objektu bihurtzen dira, ez bakarrik gizartearentzat, baita askotan euren buruentzat ere. Ikusteko moduak lanean John Bergerrek argi eta garbi azaltzen du: “Gizonek emakumeei begiratzen diete. Emakumeek besteek begiratzen dieten modua ikusten dute. Horrek, gizonen eta emakumeen arteko harreman gehienak ez ezik, emakumeek euren buruekin duten harremana ere baldintzatzen du. Horrela, euren burua objektu bihurtzen dute, ikusteko eta begiratzeko den objektu”. Emakumeok ikasi dugu garen eta egiten dugun guztia etengabe gainbegiratzen, etengabe zalantzan jartzen; erakutsi digute gainerako pertsonen aurrean agertzeko moduak berebiziko garrantzia duela bizitzan arrakasta deitzen zaion hori lortzeko. Hortik dator auto-exijentzia gehiegizkoa, askotan gure gaitasuna eta gauzak egiteko ahalmena behar bezala baloratzea eragozten diguna. Geure buruari geure begiekin begiratzea, gainerakoek nola ikusten gaituzten etengabe imajinatzen egon beharrean, oso ariketa sendagarria da, eta, masiboki praktikan jarrita, mundua alda dezake.
- Multimedia
- Servicios
- Participación