Askotan esaten da lagun on bat dela une txarretan abandonatzen ez zaituen pertsona hori. Horrela da. Baina egia da, halaber, benetako adiskidetasuna une onetan frogatzen dela, zure lagunaren pozak bihotzez pozten zaituenean; lagun batek zerbait ondo egin duenean, sentitzen duzunean zuk egin izan bazenu bezala. Uste dut hori adiskidetasunaren termometro adierazgarrienetako bat dela, batzuetan errazagoa izan daitekeelako norbait kontsolatzea bere zoritxarrengatik, ondo doakion norbaitengatik benetan poztea baino.

Hori da kalitatezko adiskidetasuna hautemateko zantzuetako bat, baina gehiago ere badaude. Lagun onak tematu egiten dira, guztiaren gainetik insistitu egiten dute. Egun batean, mezu batekin elkarrekin geratzeko gonbidapen bati ezezkoa erantzuten badiozu, adibidez, lagun onak deitu egingo dizu: ondo zauden jakin nahiko du, zergatik erabaki duzun etxean geratzea eta pixka bat tematuko da, insistitu egingo du, jakinda agian animo pixka bat baino ez zitzaizula falta kalera irtetzea erabakitzeko, edo berarekin benetan egon nahi duzula berresteko beharra duelako.

Egin duzun zerbait ulertu edo gustatu ez zaienean ere, lagun onak tematu egiten dira. Zure jarrera berehala epaitu beharrean, zugan sinetsi nahi dute, ulertu nahi zaituzte, eta horrek bereizten ditu. Eta horregatik, ulertu ez duten zure jarreraren baten aurrean, heldu zaien gertakarien lehen bertsioa ontzat eman beharrean, ulertzeko saiakera egiten dute. Benetako lagun bat da beti sinetsi eta ulertu nahi zaituena, beti ahalegin hori egiten duena, azaltzeko aukera emango dizuna, zure arrazoiak entzuteko prest agertuko dena. Eta zure arrazoiak gustatzen ez bazaizkio edo ulertzen ez baditu, zintzotasunez eta aurpegira esango dizu oker zabiltzala (adiskidetasun onaren beste zeinu garrantzitsu bat), zure jarrera boteprontoan epaitu ordez. Lagun onak, batez ere, insistentzialistak dira, baita kritika zintzoa egiteko momentuan ere. Insistitu egingo dute beti, ulertu nahi zaituztelako, zugan fedea dutelako.