Zenbat pertsona ezberdin izan gaitezke egun bakar batean? Baina ez bakarrik kanpora begira –askotan mozorrotu baino beste erremediorik ez baitugu egoeraren arabera–, barrura begira diot, askotan pertsona ezezagun bat aurkitu dezakegulako geure barruan. Izan ere, batzuetan barrura begiratu eta geure buruari esaten diogu: Hau ez naiz ni. Zergatik ezin dut neu izan? Zergatik ez dut hitz egiten pertsona honekin ni banintz bezala? Ba gehienetan zu zeu izatea galarazten dizun norbaiten aurrean zaudelako. Pertsona batzuk zu izateko aukera ematen dizute eta beste batzuk ez.

Hau pentsatzen nengoela, lagun on batek Procustoren sindromea gogoratu dit. Greziako mitologiatik hartzen du izena. Procustok ostatu bat omen zuen eta bidaiariak hartzen zituen bertan gaua igaro zezaten. Baina bidaiaria ohea baino luzeagoa bazen, hau da, oinak irteten bazitzaizkion ohetik, Procustok moztu egiten zizkion oinak eta baita burua ere. Procustoren sindromea dutenek besteen arrakastarekiko intoleranteak dira, ezin dute jasan norbait nabarmentzea, norbait euren ohea baino luzeagoa izatea.

Eta hau entzutean berriz etorri zait pertsona bat baino gehiago izatearen ideia hori. Pertsona batzuekin zaila egiten zaigu gu geu izatea, hain zuzen ere, eurek ezarritako neurrietara egokitzera behartzen gaituztelako onartuak izan nahi badugu. Procustok bezala neurri konkretu batean sartzeko exijitzen digute, argi utziz horrela bakarrik onartuko gaituztela. Eta horregatik pertsona hauekin gaudenean batzuetan ez dugu geure burua errekonozitzen, gu konturatu gabe, oinak eta burua moztu dizkigutelako. Eta nola izan zu zeu gorputzeko atal batzuk falta bazaizkizu?

Nire seme-alabei eman beharreko gomendioen artean hau apuntatu behar dut falta barik: egon zaitez zu zeu izaten uzten dizunarekin. Norbaitekin zaudenean zure izaeraren atal bat falta zaizula sentitzen hasten bazara, azkar, ihes egin, Procustok burua eta oinak moztu baino lehen.