2019ari koaderno estreinatu berriaren usaina hartu nahiko nioke, idatzi gabeko paper zuriek duten usain erakargarri eta eder hori antzeman nahiko nuke nire sudurra urte berrian sartzearekin batera. Zerotik hasteko aukera berri bat ematen digun urte berria nahiko nuke niretzat, nire herriarentzat eta munduarentzat, baina, hara, 2019aren koadernoaren lehen orrian zirriborro bat aurkitu dut marraztuta, orban bat. Eta zirriborroak adierazten dit nire urte berriko asmo gogotsuak baino goizago esnatu direla urte zaharreko mamu batzuk. Eta hor daudela oraindik, Monterrosoren dinosauroa bezala, urte berria zikintzeko prest. Emakumeen kontrako indarkeriak zikindu du jada modu latzenean, Kantabrian gertatu den hilketa batekin, urte berria. Eta Manadakoei kalean jarraitzeko aukera eman dien baimen berrituak ere, orban bat utzi du koadernoan. Orban berri baina oso zahar bat, lege zahar bat, zenbait Espainiako intelektualen iritzi zutabeetan oso argi antzeman dena azken astean, bide batez esanda. Eta urte zaharreko gauean gertatu diren sexu abusuek ere zikindu egin dute gure koaderno berri hau. Eta hau dena gutxi balitz, VOXen mehatxuak, genero indarkeriaren kontrako neurrien aurka, horien oihartzunak ere entzuten dira koaderno berria ireki eta berehala. Hala da. Zurrumurru batzuk entzun ditut koaderno berria irekitzearekin batera. Eta zurrumurruak zalantzan jarri nahi ditu berdintasunaren alde egiten diren ekimen eta ahalegin guztiak: "Feminista hauek ez al dira urrunegi joaten ari? Orain dena da matxista ala? Nahikoa da".
Urte berria da, baina koaderno zuriaren normaltasunaren azpian, tolestura batzuk antzematen ditut. Zerbait dago hor azpian, oso aspaldiko zerbait, Andersenen ipuineko prin-tzesaren koltxoiaren azpiko ilarraren antzeko zerbait, lehen bistan ez dena beti ikusten, baina gau oso bat bertan lo eginez gero sorbaldan min egiten duena.
2019ari koaderno estreinatu berriaren usaina hartu nahiko nioke, baina koadernoak orbanak eta tolesturak ditu nonahi. Izan ere, koaderno zuriak ere idatzita ematen dizkigute. Antzineko legeen tintaz zikinduta.