Udaldian kirola egiteko denbora gehiago izaten da. Horrenbestez, ohikoa da goizean goiz jendea kirola egiten ikustea: batzuk bizikletan, beste batzuk korrika… Baina garrantzitsua izango litzateke urte osora hedatzea kirola egiteko ohitura.

Esangura horretan, garrantzitsuak dira kirolari eta jarduera fisikoari buruzko Eurobarometro bereziak, 525. zenbakidunak (2022), jasotako emaitzak. Bada, horien arabera, ezinbestekoa da sustatzea kirola eta jarduera fisikoa erregulartasunez egitea 24 urtetik gorakoen artean, batik bat, sasoi horretatik aurrera jarduera fisikoa murrizteko joera nagusitzen delako. Ildo horretatik, nabarmendu da europarren ia %40a jarrita egoten dela bost ordu eta erditik gora egunero. Hain zuzen, kirola egiteko eragozpen handienen artean daude denbora falta, motibaziorik eza, kostuak eta osasun-arazoak. Hori dela eta, Eurobarometro horren arabera, autoantolatutako kirola lagungarri izan daiteke eragozpen horiek gainditu eta kirola sustatzeko.

Autoantolaketaren inguruan dihardute Europar Batasuneko Kontseiluaren eta estatu-kideetako Gobernuetako ordezkariek emandako Konklusioek, Europar Batasunean autoantolatutako kirolak bizi-tza-eredu aktibo eta osasungarriak susta-tzearen inguruan egin ditzakeen ekarpenei buruzkoek (2023).

Konklusio horietan estatu-kideei gonbita luzatzen zaie, osasunaren, ongizatearen eta inklusio sozialaren mesedetan, autoantolatutako kirola sustatzeko, esate baterako, lantokietan. Izan ere, ondorioztatzen da kirola aproposa dela gaixotasunak saihesteko eta onuragarria dela osasunarentzat.

Halaber, konklusio horiek igortzen gaituzte Europar Batasunaren 2013ko azaroaren 26ko Gomendiora, osasunarentzat onuragarria den jarduera fisikoa sektore desberdinetan sustatzeari buruzkora.

Halatan, Gomendio horren arabera, bizi-tzan zehar gauzatutako jarduera fisikoaren eta kirolaren onurak oso garrantzi-tsuak dira. Onura horien artean daude bihotzeko gaitzak jasateko arriskua murriztea, minbizi mota batzuk eta diabetesa izateko aukerak murriztea, eta osasun muskuloeskeletikoa eta gorputzeko pisuaren kontrola hobetzea. Halaber, kirola egiteak ondorio positiboak ditu osasun mentala eta prozesu kognitiboak garatzeko.

Gomendio horretan gogora ekarri da, berebat, Osasunaren Munduko Erakundearen esanetan jarduera fisikorik eza dela munduko errenta altua duten herrialde guztietan heriotza goiztiarraren eta gaixotasunen arrisku-faktore nagusienetakoa. Europan soilik, milioi bat heriotza sortzen omen ditu urtean.

Baina, ezbairik gabe, nabarmendu behar da Gomendio horrek kasuan kasuko adierazleak gomendatzeko oinarri hartu duen agiria, hots, “Europar Batasunaren jarduera fisikoaren Jarraibideak” (2008). Hain zuzen ere, agiri horretan jasotako jarraibidetatik 33.ean adierazi da enpresaburuek eta sindikatuek euren akordioetan baldintzak jaso behar dituztela ikuspuntu fisikotik lantokietan bizitza-eredu aktiboa ahalbidetzeko. Baldintza horien adibide gisa aipatu dira honako hauek: kirol-instalazioetara joateko aukera izatea, instalazio horiek enpresa barrukoak nahiz kanpokoak izan daitezkeela; jarduera fisikorako profesional bat izatea, dela taldeko ariketak egiteko, dela gomendio pertsonalak emateko; lantokiarekin zerikusia duten kirol-jardueretan parte hartzeko ekimenak sustatzea; lantokirako joan-etorriak bizikletan edo oinez egiteko neurriak sustatzea; lan monotono eta astunetan arazo muskuloeskeletikoak saihesteko ariketak ahalbidetzea; eta, oro har, lanean jarduera fisikoaren aldeko giroa sortzea.

Horregatik, Europar Batasunaren 2013ko azaroaren 26ko Gomendioak proposatutako adierazleen artean dira hurrengoak: (a) lantokietarako joan-etorri aktiboa susta-tzeko programak: lanerako joan-etorrietan bizikleta erabiltzea sustatzeko diru-laguntzak ematea enpresei edo langileei; (b) lantokian jarduera fisikoa sustatzeko programak: diru-laguntzak ematea lantokietan kirola sustatzen dituzten enpresei, adibidez, gimnasioak ezartzeagatik.

Hain justu ere, oraintsu onartu da Kirolerako Europar Batasuneko 2024-2027 Lan Plana, eta horren I. eranskinean lehentasuna duten esparruen artean, osasunarentzat onuragarria den kirolean eta jarduera fisikoan parte-hartzeari errepara-tzean, oinarrizko klabe gisa adierazi da aukera egokiak sortzea belaunaldi guztiek kirola egin eta jarduera fisikoa gauza dezaten. Horretarako garatu beharreko gaien artean jaso da lanean kirola egitearena.

Orobat, aintzat hartu behar da Erregioen Europako Komitearen 2024ko apirilaren 17ko Irizpenak, Osasun Mentalari buruzkoak, adierazi duela osasun fisikoa eta mentalak erabateko lotura dutela. Hori dela eta, Irizpen horretan nabarmendu da lan-baldintzak diseinatu behar direla laneko bizitzaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka ahalbidetuz, bai eta osasun mental positiborako jarduera fisikoak duen eragin onuragarria ere.

Esparru zehatzagoari helduz, kontuan hartzekoa da 2023ko otsailaren 16an Europar Batasuneko Parlamentuak onetsitako Ebazpena, Bizikletarentzako Europar Batasuneko estrategia garatzeari buruzkoa. Izan ere, I. kapituluan, konpromisoa hartu da enpresak animatzeko bizikletaren erabilera susta dezaten. Horretarako neurri desberdinak proposatu dira, hala nola, diru-laguntzak ematea bizikleta erabiltzeagatik eta enpresek euren langileei bizikletak uztea.

Ildo beretik, gogoratu behar da 2024ko apirilaren 17ko Europar Batasuneko Erregioen Komitearen Irizpenak, Bizikletaren erabileraren inguruan Europa-mailako Adierazpena egiteko Proposamena jaso duenak, adierazitakoa: bizikleta garraiobide aktiboa da, bizitza-eredu osasungarria sustatzen duena, estres-mailak murrizten dituena eta sistema kardiobaskularrean ondorio positiboak dituena.

Azken buruan, ez dira ahaztu behar Osasunaren Munduko Erakundeak jarduera fisikoari dagokionez 2020an emandako Jarraibideak. Bada, jarraibide horiek jasotako mezu nagusienen artean dago posible dela lanean jarduera fisikoa txertatzea. Behin hori kontuan hartuta, adierazi da adin nagusikoek astean zehar gutxienez 150 minututik 300raino egin beharko lituzketela intentsitate moderatuko jarduera fisiko aerobikoak, edo 75 minututik 150eraino intentsitate handikoak. Halaber, gorputz osoko muskuluak indartzeko jarduerak egin beharko lituzkete, astean, gutxienez, bi aldiz.

Orain arte esandakoak kontuan hartuz, esan behar da azken urteetan edozenbat hitzarmen kolektibok jaso dituztela neurriak langileen artean kirola sustatzeko, gehienbat, onura sozialak arautzean.

Hitzarmen kolektibo horien adibide moduan nabarmendu daiteke Siemens Healthcare S.L. enpresaren II Hitzarmena, 2023ko abenduaren 26an sinatutakoa.

Horren 36. artikuluan jarduera fisiko eta kirol-jardueretarako laguntzak arautu dira. Zehatzago, 2024ko 75.000 euroko funts berezia sortu da horretarako, Jarduera-fisikoen eta Kirol-jardueren Batzorde Orokorrak kudeatuko duena, Hitzarmenaren 6. eranskinean jasotako Erregelamenduaren arabera. Langile bakoitzari, urtean, gehienez, 300 euroko kopuru gordina aitortu zaio.

Lan Zuzenbideko irakasle doktorea Deustuko Unibertsitatean