ello joan zaigu. Musikari, idazle, eguraldi-iragarle, irrati-esatari, komunikatzaile... zer ez zen Pello. Oroz gain, lurrari lotutako pertsona zela esango nuke. Natura irakurtzen zekiena. Betidanikoa den lengoaian. Herri zahar baten hizkuntzan. Eta bihotz erromantiko baten soinuz. Eta baikortasunez. Eta alaitasuna irradiatuz. Eta aurrera egiteko garrez. Eta gertakizunak azaltzeko dohainez. Eta etorkizuna iragartzeko jakintzaz. Eta sinesgarritasuna transmititzeko ahalmenez. Eta... zerutiko begiradaz. Arantzazu zerua baldin bada, Pellok Euskal Herriaren gaineko zeruko begirada baitzuen. Jagolea. Oteizaren apostolu mugigaitzen aldamenetik, abiadura eroan aldatzen ari den Euskal Herriaren gaineko soa. Isiltasunetik. Hausnar egiteko distantziatik. Uhinen bidez. Tinta beltzez zikinduriko liburuei esker. Pantaila aurrean gertuko eginez. Gure natura irakurtzeko teoriez. Ikuspegi praktikoz. Beste bizitza bat badela sinetsaraziz.
Ez hil ondokoa preseski. Baizik eta mendien eta hirien artekoa. Gurean mendi artean gorde den hizkuntzaren eta mugaz gaindikoez haratagokoa. Lurrari lotutako pentsamendu eta jakituriaren eta haizeak fite eramaten duenaren gainekoa. Eta erakutsi digu ukitu edo aztertu duen elementu orok baduela sakonera, badela lurrari itsatsia, dela lekuko betiereko, bere omenez landatu duten gurbitza bezain.
Azaldatu nau bere etxeko gazte baten hitzak entzuteak. Ez zekiela hain ospetsua, hain maitatua zenik. Jaso dituen ehundaka gutun edo oharrek erakutsi diotela bere itzalaren tamaina. Orain, harro dagoela. Testuingururik gabeko hitzok, beharbada, horixe dira. Testuingururik gabeko hitz soilak. Baina beharbada, ez. Beharbada, gaur bizi dugun testuingururik gabeko bizitzaren erakusle dira. Zerurik eta lurrik gabea. Zerutarrik eta lurtarrik gabea. Lurrean bizi-aro bat pasatzea egokitu zaigun anonimook gogoratzen ez duguna. Izanik gabeak. Izenik utziko ez dugunak, izandunik ezagutzen ez dugun heinean.
Non ote da orain gure zerua, euskal lurrarekin (eta lurtar errukarriokin) bat egingo duena.