KRITIKA

Edulkoranterik gabe

17.02.2020 | 11:20

Eriondoan dagoenaren adurrak ikusi badituzu kokotsetik behera, bizarra egin gabe ezagutu badituzu medikuarenean herriko sorgin zaharrak, irudimena irristatu bazaizu titi erori batzuen artetik behera€ orduan badakizu edertasuna edo perfekzioa ez direla bi hitz hanpatu baino. Pamielak argitaraturiko aldarri poetiko honek ere poesiarekin soilik esan daitezkeen izpirituaren zenbait ebidentzia esaten ditu: "zahartzeko modurik onena/ hirian bizitzea da/ kutsadurak izarrak estali arren// zahartzeko modurik onena/ gazte nahi ez izatea da" edo "ondo gogoan dut nola/ gure aitaren eskuak zimurtuz joan ziren// zahartuz doazen adiskideen eskuetan/ bilatzen ditut harenak".

Mari Luz Estebanek poesia soziala dakar? Filosofikoa dakar? Deskripzioa egiten du? Zer da liburu hau, hain motza, hain ederra? Zergatik da zaplasteko baten modukoa, maitasunez emana? Poeta bezala ostia halako inbidia eman dit bere idazteko modu totalak, irakurle moduan hurrengo poema deskubritzeko gogoa piztu dit uneoro, eta feminista inperfektu legez interesa. Analfabeto baten antzera irakurri dut hizkuntza berri honen grafia, azalaren azpiko indar telurikoa sentitu: "orduan hasi, ahulduta ere hortxe diraute/ bizirik nagoela gogoraraziz// itzartu egin naiz, nire baitako turbina/ piztu baino segundo pare bat lehenago// ezer ez igarriagatik ziur naiz/ badator, hazten ari da".

Atsekabea, xamurtasuna zein pena duintasun bihurtzen dakien Estebanek pausu bat eman du sublimaziorantz Amaren heriotzak libreago egin ninduen (Pamiela, 2013) bikain haren ostean. Zahartzaroaren gaineko hausnarketa poetiko honekin gauza asko transmititu dizkit. Lehenik eta behin, politikoki zuzena dena dudan jarri eta diktadurei egiten die kontra. "Dena ongi dabil" faltsua zalantzan jarri eta heriotza, pustulak, ertzak, gaizki tratatuak, zoroak erreibindikatzen ditu mundu zoro honen aurrean. Bestetik, estilo ariketa itzel bat egin du edulkoranterik gabe marrazteko mundua eta esplikaziorik gabe azaltzeko dena. Unibertso oso bat errekuperatu du, amarena, aitarena, izebena, desagertu ziren sukaldeetakoa. Etxean ahoz gora irakurri ditugu poemak eta begiak malkotu zaizkigu poz-atsegin gozo batez. Xamur hitz egiten dio Estebanek lausotuz eta ezerezean amilduz doan gure gorputzari, gugandik hain deskonektatua maiz, hain ahaztua: "berealdiko bakartasuna// zu eta unibertso taupakariaren artean/ besterik ez dagoenean// aurkikuntza horien poza/ ere bada zahartzaroa".

"Andrezaharraren manifestua" bera liburuko azken solasean dator, eta liburuaren hariaz eta zioaz ari da. Niri Estebanen digresioak baino askoz gehiago gustatzen zaizkit poemak, euretan baitator azalpenik gabe dena azaldua. Azken zati honetan iragartzen da subjektu bat badela bere izatea aldarrikatzen duena. Sortuz eta birsortuz doan planeta honetan nola, bada, ez zahartu? Are gehiago: nola galdu aukera hori?

Nire amama Juanitak, begiratu eta esan ohi zigun: "Ai, zuok bai gazte! Niri laster zahartzaroa heldu behar jata!". Finean, negua ez da kualitate bat, ezpada kalitate bat, balore bat, ideia bat. Agian hobe genuke hasieratik zahardadea bizi goizeko lehen argiekin bizi dugun eran eguna, harek gordetzen baitu iluntzea.