Rockaren heriotzaren aurreko seinaleekin batera -revivalismoa, tributu bandak, LParen dekadentzia, festibalismoa, bakarkako saioen biderketa…-, kontzertuetan zehar kalakan aritzeko joera gero eta zabalduagoa ere aieru txartzat hartu behar dela esango nuke. Garai batean, rock kontzertu batera meza batera joatea bezalakoa zen, meza laikoa noski, zeinetan dantza egin baitzitekeen, eta baita deiadar ere. Baina kantak debozioz entzuten ziren, eta txaloak eta iruzkinak kanten arteko tarteetarako uzten ziren. Kontzertuak, ordea, enkontru sozialetarako aitzakia huts bihurtzen joan dira, tabernatara tragoak hartzera ateratzea bezainbeste, eta jende gero eta gutxiago asaldatzen da are ondoko koadrilaren hizketaldiak kanta entzuten uzten ez badu. Hots, musika hain jotzen da zerbait emandakotzat -ohikotzat-, ezen mereziko lukeen arretarekin entzutea soberan bailegoke. Jadanik amortizatuta, hots, hilda balego bezala, alegia.

Rocka gorpu bihurtzen ari da, halaber, beraren ikonoak hiltzen ari direlako gero eta kopuru handiagoetan, biologiak agintzen duen bezala bestalde. Rocka, gaur ezagutzen dugun bezala, eta aitzindariak alde batera utzita, 1940ko eta 50eko hamarraldietan jaiotakoek sortu, garatu eta taxutu zuten nagusiki -60 eta 70koetan gazte zirenek alegia-, eta Parkak haien hariak mozten ari dira, gero eta maizago, azken aldion. Gogorarazten diguna, bide batez, rocka ez dela jadanik gazteen kontu bat, hasiera batean bezala, baizik helduen eta are agure-atsoen musika bat. Izan ere, nik pentsatzen nuen iritsiko zela une bat zeinetan kontzertu eta festibaletara joateari utziko niola, ez ezintasun fisikoagatik, baizik eta ohartuko nintzatekeelako, lotsa apur batez, audientziaren arteko zaharrena izango nintzela. Baina beti lokalizatzen dudanez ni baino adintsuago den norbait, hor jarraitzen dut, halakoetara joaten, orekari eusten patetismoaren soka gainean beti.

Bestalde, argi dago rockaren zuhaitz genealogikoarekin ahaidetuta ez dauden estiloak gailentzen ari direla, haien artean, reggaetona edo trapa bezalakoak, ni bezalako poprockzale zaharrek jokoz kanpo utzi dituztenak. Ezerk ez du irudikatzen aldaketa hori hobe, gure inguruan, Donostia Festibalak baino, hots, garai batean Igeldoko jolas parkean egiten zen Kutxa Kultur Festibal konbentzionalki indie haren transformazio adimentsuak baino: ni bezero fidela ninduen Zubietako Hipodromora aldatu eta urban soinuei lehentasuna ematen hasi ziren arte. Orduz geroztik, jakina, ez naiz hurbildu ere egiten. Eta joaten hasi dena gure alaba da…

Nik, zer nahi duzue esatea, saiatu arren, ez diet puntua aurkitzen Bad Gyal edo Yung Beef bezalako proposamenei -Paul Weller edo The Kinksen dosi kasik hilkorrak sartu behar izaten ditut zainetan, ondoren, halakoetan saiatzen naizen bakoitzean-, eta tentatuta nago Jethro Tullen album haren izenburuaren parafrasia egin eta Too Old To Trap, To Young To Die grabatzeko nire bisita txarteletan.

Agoniak luze joko du gurean, rockzale zaharrak asko garelako, eta adin piramideko kohorte gazteak, ordea, gero eta laburragoak. Denbora kontua besterik ez da, hala ere. Onar dezagun behingoz: rock & rolla hil da. Eta, lasaitasun horrekin, jarrai dezagun bere hilotzaz gozatzen, artikulazioek eta kolesterolak baimentzen diguten bitartean bederen.