Antiguatarrok oso guretzat daukagu Imanol kantari aparta. Izan ere gure gazte aroan Donostiako aspaldiko auzo horretan jaiotakook bagenuen halako harrotasun apurra, gaur egun nahikoa ezabatua badago ere. Eta Imanol Lartzabal, Matia kalearen erdi-erdian sortua zen. Oraintxe hamar urte eraman zuen gure artetik gorputz eta arimako minak. Hitz ederrenak esan eta idatziak badaude ere, nire txokotik omenaldi xumeena zor diot auzokide lagunari. Bere ahots eder hura mirestu izan dut beti baina gaur haren libre izateari, bere kon-tzientziari leial irauteari eta sentimenduz blai uzten genituenari agur beroa zor diot. Donostian bizi izan zen azken boladatxoan sarritan egiten genuen topo goizean bakoitza bere eginkizunera garamatzan bidean. Oraindik ez ditut ahaztu euri erruz ari zuen egun hartan zeramatzan oinetako zuriak. Atzerritik ekarriak, pentsatu nuen. Bai nik antzeman. Euskal Herritik alde egin beharra sortu zitzaion eta gurean salda beretik katiluka dezente edanak baiginen. Azken egun hauetan barruan josita ezin isildurik dabilkit Imanolek maisuki kantuan erabili izan zuen Amurizaren bertsoa: “Mundua dantzan jarriko nuke Jainkoa banintza”. Bai, Imanol. Oraindik asko saiatu beharko dugu mundutar orok dan-tzan egin dezagun. Justizia falta dugu, hori da dendetan salgai ez dagoen beharrezko lehen eskubidea. Denok denei zor dieguna. Geu gara jainkozko dantza mundu osora zabaltzen bizi behar dugunak. Bakoitzak bere garaian. Zuk egin zenuen ondo baino hobeto zure zatia. Ohore zuri!