Síguenos en redes sociales:

Aroak

Hori aitortzen hastea bada egungo eskema atzean utzi eta aurrera egiteko modu bat: etorkizunean zahartzaroan biziko baikara

AroakN.G.

François Ozon zinemagile frantziarrak eman du oihua Donostiako Zinemaldian: “Gaztaroaren gizartearen inposaketaz kokoteraino nago”. Bere azken luzemetraia, udazkena Santa Klara uharte atzetik badiara sartzen den egun berean aurkeztua, zahartzaroaren gorazarre antzeko bihurtu nahi izan du, Michelle eta Marie-Clauden eskutik. Erretiroa irabazita, bizitza badela, bizitzako garaien artean lehia sortu nahi dugun honetan. Bizitzako bi aro berdin ez dagoenean. Platerrak platerrekin, eta zuhaitzak zuhaitzekin alderatu beharko genituzkenean. “Gora zimurrak”, defendatu du Ozonek, pertsonok berezko dugun edertasuna aldarrikatuz ebakuntza gelak gainezka dauden bitartean. Kirurjia estetikoa gerran pairatutako ondorioak ahal zen neurrian lehengoratzeko sortu zen; egun, guapoagoak izateko erabiltzen dugu. Baita gaztetasun sentipena erosteko, horrek atzean dakarrena ezkutatuz. Hierarkia antzeko bat irentsi dugu, murtxikatu gabe: zahartzaroa gaztaroaren azpitik dago. Okerragoa da. Ñabardura bati lehiorik ireki gabe: gaztaroak abantailak izan ditzake hainbat gauzetarako. Ez beste batzuetarako. Zahartzaroarekin, aldrebes. Hori aitortzen hastea bada egungo eskema atzean utzi eta aurrera egiteko modu bat: etorkizunean zahartzaroan biziko baikara.